Politika

Pili Zabalak bi elkarrizketa saio egin ditu Amedorekin

GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak azaldu duenez, orain bi aste bildu zen azkenekoz GALeko kide ohi Jose Amedorekin. Aurretik, 2016ko martxoan bildu ziren, Madrilen.

Gorka Rubio/Foku

Berria -

2018ko maiatzak 16

Pili Zabala GALek hildako Joxi Zabalaren arreba eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea birritan bildu da Jose Amedo GALeko kide ohiarekin, Zabalak berak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan jakinarazi duenez.

Zabalak azaldu du Amedorekin elkartzeko aukera Zigor Zuzenbide irakasle baten bidez jorratu zuela, "prestakuntza prozesu baten" ondorioz. Irakasleak Amedori eskutitz bat idazteko gomendatu zion.

Lehen bilera 2016ko martxoaren 15ean egin zuten, Madrilen, eta Elias izeneko jesuita bat izan zuten bitartekari. Zabalaren esanetan, jesuita hori Amedori laguntzen ari zaio GALen egindakoek utzitako arrastoari aurre egiten. Azkenekoz, duela bi aste bildu ziren.

Zabalak azaldu duenez, Amedok egindakoaz "guztiz damututa dagoela esaten du beti", ETAk sekula ez zuela existitu behar dio, eta "are gutxiago GALek". Amedok Zabalari aitortu izan dio GAL "estatu terrorismoa" izan zela, eta Felipe Gonzalez zela haren arduradun. Esaten duenaren frogak aurkezteko eskatu izan dio Zabalak.

Bere bizitza "desegin" duenari "aurrez aurre" hitz egiteko aukerari balioa aitortu dio Zabalak. Adierazi du Amedori kontatu diola anaiaren desagertzeak bere familian nolako oinazea eragin duen, zenbait politikariren adierazpenek nolako mina eragin dien eta zer izan den erakunde publiko jakin batzuen aldetik inolako babesik ez jasotzea.

Zabalak nabarmendu duenez, batez ere, GALen zergatik aritu zen galdetu nahi izan dio Amedori; nola zitekeen polizia zena "gaizkile" bihurtzea. Amedok erantzun dio "gerra bat" zela ETAren eta Espainiako Estatuaren arteko borroka. Amedok berak, mehatxuak jasateaz gain, hainbat atentatu saiakera jasan dituela kontatu dio Zabalari. Argitu dionez, bere bizitza ezkutuan egotea izan da, eta politikarien aginduak betetzea, ETAren kontra jarduteko.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna