Lan gatazkak

Enpresa hitzarmena sinatu dute Siemens Gamesaren Agoizko plantan

Akordioak "lan erreformaren elementu gogorrenak indargabetzen ditu", sindikatuen arabera

Gamesaren egoitza, Sarrigurenen.
Gamesaren egoitza, Sarrigurenen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Jon Fernandez -

2018ko maiatzak 16

Zortzi urteko ahalegina eta gero ailegatu da, azkenean, lehenengo lan hitzarmen propioa Siemens Gamesaren Agoizko lantegira (Nafarroa). Langile batzordeko iturriek Efe berri agentziari azaldu diotenez, honakoak dira hitzarmenak jasotakoak: ultraaktibitate mugagabea, lan hitzarmena urratzeko ezintasuna, urtean hamabi lan ordu gutxiago izatea, eta %2ko soldata igoera 2018rako eta KPI errealaren pareko igoera 2019rako eta 2020rako, betiere kimiketako lan hitzarmeneko soldata igoera bera bermatuz. 

Lantegiko zuzendaritzarekin batera lan hitzarmena sinatu duen langile batzordean hiru ordezkari ditu ELAk, bi LABek, bi UGTk eta bakarra CCOOk. Nabarmendu dutenez, akordioak "lan erreformaren elementu gogorrenak indargabetzen ditu". Langile batzordeak "positibotzat" jo du plantan sinatutako lehenengo lan hitzarmena, eta gaineratu du agerian geratu dela posible dela "enpresei lan baldintzak hobetzeko botere eremuak irabaztea", baldin eta lantaldeak antolatzen badira. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna