POLITIKA

Bederatzi herrialdetako kideak, Sorturen larunbateko ekitaldian

Uruguai, Nikaragua, Salvador, Sahara, Kurdistan, Palestina, Kolonbia, Korsika eta Irlandako alderdi politikoetako ordezkariek hartuko dute parte Bilbon (Miribilla, 17:30).

Elena Beloki eta Gorka Elejabarrieta, Sortuko kideak. /
Elena Beloki eta Gorka Elejabarrieta, Sortuko kideak. / Juan Carlos Ruiz/FOKU

Jon O. Urain -

2018ko maiatzak 16

Larunbaterako antolatu du Sortuk Baietza sortzen izeneko ekitaldia, eta gaur jakinarazi du nazioarteko ordezkari ugarik hartuko dutela parte. Gorka Elejabarrietak eta Elena Belokik azaldu dutenez, "ezker abertzaleak ziklo berri bati hasiera emango dio Euskal Herrian eta nazioarteko aliatuen eskutik”.

Miribillan izango dira Sebastien Quenot Talamoniren kabineteko zuzendaria, Camilo Cejas Uruguaiko MLNko zuzendaritzako kidea, Graciela Garcia MLNko militante historikoa, Luis Alberto Alban FARCeko bozeramaile ohia, Hamdan Al Damiri FPLPko Europako ordezkaria, Yamil Kasem FLDPko Komite Zentraleko kidea, Adem Uzun Kurdistango Kongresu Nazionaleko Zuzendaritzako kidea, Elias Velasquez FSLNko Idazkaritzako ordezkaria, William Hernandez FMLNko kidea eta Diego Gomez Fronte Polisarioko ordezkaria. Nazioarteko ordezkaritza horren izenean, bi lagunek hartuko dute hitza: Jean Guy Talamoni Korsikako Asanbleako lehendakariak eta Michelle O’Neill Irlandako Sinn Feineko lehendakariordeak.

Belokik esan duenez, ETAren amaiera eta Euskal Herrian ireki den "aro berria" nazioarteko testuinguruarekin "erabat lotuta" daude: "Nazio askapeneko mugimendu gehienek geurearen antzeko trantsizio prozesuak bizi izan dituzte edo bizitzen ari dira". Haren hitzetan, prozesu horiek guztiek "bide ezberdinak" segitu dituzte eta bakoitzak "berezko ezaugarriak" ditu, "baina elkarri begiratzen diote, eta elkarri lagundu ere bai".

Aipamen berezia egin die Sahara, Kurdistan eta Palestinako herriei: "Herri horietako nazio askapeneko mugimenduek behin eta berriro elkarrizketa eta akordioan oinarrituriko konponbide prozesuak hobetsi dituzten arren, gaurdaino jaso duten erantzuna ez da beharko lukeena izan".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna