'Mozal legea' ezarri dietela salatu dute Askekintzako kideek

Donostiako San Tomas azokan Ursula txerriaren erakusketa galarazten saiatu zirenei 7.200 euroko isuna jarri dietela adierazi dute

Iazko San Tomas egunean, Donostiako Konstituzio Plazan erakutsi zuten Ursula txerria
Iazko San Tomas egunean, Donostiako Konstituzio Plazan erakutsi zuten Ursula txerria Juan Carlos Ruiz / Foku

Jon Ander De la Hoz -

2018ko maiatzak 16

Askekintzak salatu du elkarteko hamabi kideri mozal legea ezarri dietela, iaz Donostiako San Tomas azokan Ursula txerriaren erakustea galarazten saiatzeagatik. Elkarte antiespezistaren arabera, "erresistentzia pasiboz" egindako ekintzan parte hartu zutenei 7.200 euroko isuna jarri diete. Donostiako Udalak sustatu du zigorra, Askekintzak azaldu duenez: "Inpunitate osoz herri mugimenduak erreprimitzen dituztenek, kolpe handi bat eman nahi izan digute". Udalak Eusko Jaurlaritzaren "konplizitatea" izan duela salatu dute.

Halaber, Askekintzak dio elkarteko kideak hainbatetan saiatu direla udalarekin biltzen, "beste espezietako animaliek" hirian pairatzen dituzten egoeren inguruan hitz egiteko: "Entzungor egin digute beti. Udaletxeak eskaintzen zuen bidetik egin ezin zela ikusirik, gure modura egitea erabaki genuen". Antiespezistek salatu dute ezin dela onartu "norbanako bat hamabi orduz erakusketako objektu gisa tratatzea"; mozal legea ezarrita "isilarazi" egin nahi izan dituztela adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna