Euskal presoak

Berrogei euskal presoren inguruko txostenak eskatu ditu Espainiako Gobernuak

Preso horiek gizarteratzera begira egindako urratsez galdetu zien Barne Ministerioak espetxeei, otsailean. Gobernuak esan du datu basea eguneratzeko eskatu zuela informazioa eta ez duela espetxe politika aldatzeko inolako asmorik.

Euskal presoak etxeratzeko eskatzen duen pintaketa bat, Donostian. /
Euskal presoak etxeratzeko eskatzen duen pintaketa bat, Donostian. / Juan Carlos Ruiz/Foku

Berria

2018ko maiatzak 17

Bigarren graduan dauden eta gaixo dauden 40 bat euskal presori buruzko txostenak eskatu zituen Espainiako Barne Ministerioak otsailean, espetxeetako zuzendaritzei bidalitako mezu batean. Haiek gizarteratzeko bidean emandako pausoei buruz galdetu zien, gaur hainbat komunikabidek zabaldu dutenez. Informazio hori baieztatu egin du Espainiako Gobernuak, baina argi utzi nahi izan du ez duela espetxe politika aldatzeko asmorik: "Terrorismoaren kontrako borrokan elementu saihetsezina izan den espetxe politika atzoko bera da gaur, eta bihar izango den bera, ETAren garaipenean zutabeetako bat izan baita".

Oharra kaleratu du Barne Ministerioak informazioaren gaineko azalpena eman nahian. Datu basea eguneratzeko gizarteratze bidean egindakoen berri jaso behar dela dio oharrak, eta horretarako eskatu zutela informazioa: "Ez egitea arduragabekeria litzateke". Gainera, jakitera eman du martxoaren 8an ere txostenak eskatu zizkiotela espetxeetako zuzendaritzei, EPPK kolektiboaren inguruko informazioa eskatuz. Hori Diputatuen Kongresuko galdera bati erantzuteko egin zutela dio.

Horiek azalduta, orain arteko mezu gogorrari eutsi dio Espainiako Gobernuak: "ETAren krimenak ikertzen jarraituko dugu, beren kontrako auziak dituzten terroristak atxilotzen jarraituko dugu, atxilotuak epaitu egingo dituzte, eta zigorrak betearazi egingo ditugu. Ez da inpunitaterik izango".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna