Txirrindularitza

Bennettek bigarren garaipena lortu du Giroan

Azken zuzengunean esprinta hautsi eta nagusitasunez irabazi du Imolan Sam Benettek (Bora). Ausarta da, eta ausardia horri esker lortu du bigarren etapa garaipena Giroan.

Sam Bennet, Imolako gainean, etapa garaipena ospatzen. /
Sam Bennet, Imolako gainean, etapa garaipena ospatzen. / Daniel dal Zenaro/EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko maiatzak 17

Etapa esprintean bukatuko zuela zirudien, Imolako zirkuitu ezagunean, baina Bennettek tropelaren legea hausteko indarra izan du. Esprinter irlandarrak urrutitik jo du erasoa, helmugatik 400 bat metrora, bakarka aurrera egin, Mohoric (Bahrain) eta Betancur (UAE) azken iheslariak pasa, eta nagusitasunez gailendu da. Danny Van Poppel (Lotto Jumbo) izan da bigarren, eta kronometratzaileek denbora bera eman dioten arren, garaipeneko lehiatik kanpo egon da. Sailkapen nagusiari dagokionez, ez da aldaketarik egon.     Etapako beste protagonista handia euria izan da, azken kilometroetan gogotik bota du eta asko zaildu du tropelaren jarduna. Eguneko ihesaldia hirugarren kilometroan sortu da, bost kidekoa: Frapporti (Ans), Senni (Bardiani, Zhupa (Wil), Maestri (Bardiani) eta Mosca (Wil.), eta helmugatik hogei kilometrora harrapatu dituzte. Tim Wellensek (Lotto) saikera ona egin du gero, eta azkenean Ulissi (UAE), Mohoric eta Betancur izan dira aurrera egin dutenak. Azken biek Imolako zirkuituko ia itzuli osoa egin dute buruan, helmugatik 300 metrora Benettek, tximista bezala, ziztu bizian pasa dituen arte. Gauzak hala, elastiko arrosa lortzeko borrokak berdin dirau. Simon Yates (Mintchelton) da lider, Tom Dumoulinekiko (Sunweb) 47 segundo aldearekin. Lehen euskal herritarra Pello Bilbao (Astana) da, zortzigarren, 2.54ra
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna