Lan gatazkak

Akordioa lortu dute Gipuzkoako hoteletan, eta ez da grebarik izango

Kanpora ateratako zerbitzuetako langileei ere ezarriko zaie hitzarmena. KPIaz gorako soldata igoerak hitzartu dituzte.

Akelarre hotela, Igeldon. JUAN HERRERO / EFE
Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 18a
15:17
Entzun

Gipuzkoako Hotelak-Adegi patronalak eman du akordioaren berri. Ziurtatu du "enpresen eta langileen ordezkarien ahalegin bateratuaren" emaitza izan dela. Halaber, nabarmendu du sektoreko enpresak "estatuaren abangoardian" jarri direla, "lurralde honetan turismoa hedatzen ari den honetan".

"Gipuzkoako Hotelak/Adegik uste du akordioak erakusten duela komunikazioaren, elkarrizketaren eta erantzukizunaren bidea dela bide egokiena enpleguaren kalitatea hobetzeko, enpresen bideragarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko, baita lurraldearen garapen ekonomikoa laguntzeko ere", dio patronalaren agiriak.

Sindikatuek ere pozik hartu dute akordioa, beren eskakizun nagusiak betetzen dituelako hitzartutakoak: soldatak inflazioa baino gehiago igotzea sektorea une gozoan dagoelako, eta hoteletan lan egiten duten zerbitzu enpresetako langileei ere sektoreko lan baldintzak ezartzea. Maddi Azpiazu ELAko ordezkariak azaldu duenez, datorren urtean KPIa gehi %2,5 igoko diete soldata sektoreko 2.000 langileei, eta bi jaiegun gehiago izango dituzte 30 langiletik gorako hotelek. Itunak hiru urteko ultraaktibitatea izango du.

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek bertan behera utzi dute datorren asteko asteazkenetik ostiralera antolatutako greba; Turismoaren Mundu Erakundeak Donostian goi bilera bat egin behar du egun horietan. Alfredo Retortillo Jaurlaritzako Turismo sailburua kezkatuta azaldu zen grebarekin, "Euskadi osoaren irudiari" kalte egingo ziolakoan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.