Ontzigintza

Bankuek onartu dute 'Vox Alexia' dragaren eraikuntza finantzatzea

Van Oord armadoreak bart bidali dio Navali dragaren kontratua ezeztatzen duen agiria. Ontziolak jakinarazi du gaur goizean zehar onartu dutela bankuek ontziaren finantzaketan parte hartzea, baina ez dirudi armadorea bide horrekin jarraitzeko prest dagoenik.

'Vox Amalia' ontziaren kroskoa Navaleko nasan, joan den ekainean.
'Vox Amalia' ontziaren kroskoa Navaleko nasan, joan den ekainean. Luis Jauregialtzo / Foku

Irune Lasa -

2018ko maiatzak 18

Vox Alexia da gaur egun Navalen nasetan dagoen ontzi bakarra, eta hura egin edo ez ontziolaren etorkizuna bera dago jokoan. Oraingoz dragaren kroskoa soilik dute eraikia Sestaoko ontziolan, eta zalantzan dago hura egiten jarraituko duten, Van Oord Herbehereetako armadoreak ontzi hori egiteko finantzaketa arazoak dituelako eta sei bankurekin negoziatzen hilabeteak daramatzalako. Joan den asteartean itxi zen negoziazio horretarako epea, akordiorik gabe. Navalek, hain zuzen, bart jaso du Van Oordek bidalitako agiria, draga eraikitzeko kontratua eteten dutena. Agiri horrekin, armadoreak inbertitutako dirua itzultzea eskatzeko prozedura jarri du abian. Sindikatuen arabera, 42 milioi euro lirateke orain arte Van Oordek aurreratutakoak.

Baina gaur goizean Navalek jakinarazi du, orain bai, bankuek onartu dutela Vox Alexia-ren eraikuntzaren finantzaketan parte hartzea, "bakoitza bere baldintzekin". Ontziolaren arabera, horrekin epe bat zabalduko da armadoreak "Navalekin, bankuekin eta Pymar-ekin [ontziola txikien elkartea] finantzaketaren baldintzak eta bermeak negoziatzeko". Van Oordek draga Sestaon eraikitzeko borondatea behin eta berriz erakutsi duela azpimarratu du gaur bertan Navalek. Jose Angel Escribese ontziolako zuzendariak erabateko konfiantza du draga eraikitzen segituko dutela "operazioaren finantza konplexutasunaren gainetik". Herbeheretako armadoreak bazuen beste draga bat Navalen egiten, Vox Amalia izenekoa. Baina Navalek onartu zuen Van Oordek Vox Amalia Santanderrera eramatean, Vox Alexiaren eraikuntza Navalentzat ziurtatzeko.

Hala ere, langile batzordeko iturrien arabera, armadoreak ez du bankuen azken mugimendua aintzat hartu, eta ez du bide horretan jarraitzeko asmorik. Dena den, egungo kontratua eten arren, ontzia Sestaon eraikitzea beste erremediorik ez du, eta horretarako beste negoziazio fase bat abiatuko du Van Oordek.

Van Oordentzako draga egiten jarraitzeak hogei hilabeterako arnasa emango lioke kinka larrian dagoen Navali. Batetik, iazko urritik konkurtsoan dagoen ontziolak  jarduerarekin segituko luke, eta bestetik, ontziola bereganatzeko asmoa lukeen inbertitzaileren bat erakartzeko denbora gehiago izango luke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna