Katalunia

Torrak gobernuan sartu ditu Turull eta Rull presoak, baita Comin eta Puig erbesteratuak ere

Quim Torrak Kataluniako Gobernua norekin osatuko duen jakinarazi du. Pere Aragones izango da presidenteordea, eta Elsa Artadi bozeramailea.

Artadi eta Torra, Kataluniako Legebitzarrean.
Artadi eta Torra, Kataluniako Legebitzarrean. Andreu Dalmau/Efe

Berria -

2018ko maiatzak 19

Generalitatea norekin osatuko duen jakinarazi du gaur Quim Torrak. Esan du nor izango diren bere taldeko kontseilariak, eta dekretua ere sinatu du. Giltzapean dauden bi kontseilari ohi berriz izango dira gobernuan: Turull eta Rull, eta erbestean diren bi kontseilari ohi ere bai: Comin eta Puig. Azken horiek Belgikan daude.

Asteazkenean hartuko dute kargua kontseilariek. Argitzeko dago preso daudenek eta erbestean direnek nola hartuko duten, baina bi aurrenen abokatuak haiek asteazkenean Generalitateko Jauregian egoteko baimena eskatu dio epaileari. Gainerakoek Generalitatean bertan egingo dute. Ikusi beharko da Espainiako Gobernuak ere zein jarrera hartzen duen, abisua emana baitzuen preso eta erbestean dauden kontseilari ohiak ez izendatzeko. Bide horri jarraitzearen aldekoa zen ERC —alderdi horretako presoek uko egin diote gobernuan sartzeari, eta erbestean daudenetan Cominek bakarrik onartu du—, baina Torrak ez du etsi, eta izendatu egin ditu bi preso eta bi erbesteratu.

Hamahiru departamentu izango dira orotora, eta, Torraz gain, hamahiru kontseilari izango dira. Hiru besterik ez dira emakumezkoak, eta hamahirutik zazpi kontseilari ERCren esku egongo dira, eta sei, JxCren esku. Kataluniako hedabideek zabaldu dutenez, beste pertsona batzuk izendatuko ditu preso eta erbestean diren kontseilarien "lan efektiboa" egiteko. Hemen gaur izendatutakoen zerrenda:

- Pere Aragones i Garcia: Ekonomia eta Ogasuna

- Jordi Turull i Negre: Presidentzia

- Ernest Maragall i Mira: Atzerriko Jarduerak, Harreman Instituzionaleak eta Gardentasuna

- Miquel Buch i Moya: Barne Kontseilaria

- Josep Bargallo i Valls: Hezkuntza

- Antoni Comín i Oliveres: Osasuna

- Josep Rull i Andreu: Lurraldea eta Iraunkortasuna

- Lluis Puig i Gordi: Kultura

- Ester Capella i Farre: Justizia

- Chakir El Homrani Lesfar: Lana, Gizarte Gaiak eta Familia

- Elsa Artadi i Vila: Enpresa

- Jordi Puignero i Ferrer: Politika Digitalak eta Administrazio Publikoa

- Teresa Jorda i Roura: Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura.

ERCk nabarmendu du 155. artikulua kentzeko beste urrats bat egin dutela. Izan ere, Espainiako Gobernuak esana du Kataluniako Gobernu berria osatzen denean kenduko duela arkikulu horren aplikazioa, eta, beraz, Katalubiako Gobernuaren esku geldituko direla Kontseilaritzak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna