TXIRRINDULARITZA

Sabrina Stultiensek irabazi du Emakumeen Birako lehen etapa

WaowDeals taldeko txirrindulari herbeheretarra bakarrik helmugaratu da Legazpin, faboritoen taldetxotik alde egin ondoren. Bera da liderra ere. 

2018ko maiatzaren 19a
19:19
Entzun

Durango-Durango klasikoa proba ona da Emakumeen Biran ariko diren txirrindularien sasoia neurtzeko. Bada, hirugarren sailkatu zen Sabrina Stultiens. Anna van der Breggen (Boels) eta Annemiek van Vleuten (Mitchelton) bakarrik izan zituen aurretik, txirrindulari bikainak biak. Argi zegoen: sasoi betean zegoen Stultiens. Eta gaur erakutsi du, Birako lehen etapa irabazi baitu, eta lider jarri. Erasoa jo du faboritoen taldetxoan zegoela, eta bakarrik helmugaratu da Legazpiko helmugan. Hamazazpi segundora iritsi da faboritoen taldetxoa. Lisa Brennauer (Wiggle) sailkatu da bigarren, eta Giorgia Bronzini (Canyon) hirugarren. Talde horretan sartu da Ane Santesteban (Ale Cipollini), hamalaugarren postuan. Bera izan da lehen euskal herritarra helmugan. Lourdes Oiarbide (Movistar), aldiz, erretiratu egin da, erori egin baita.

Sailkapen nagusian, Stultiensek 22 segundoren aldea du Brennauerrekiko, eta 24rena Bronzini eta Asleigh Moolman-Pasiorekiko (Cervelo). 25era daude Van der Breggen eta Van Vleuten, eta 28ra Santesteban. Sailkapen nagusiak, ordea, aldaketa asko izango ditu bihar, 27 kilometroko erlojupekoa jokatuko baitute Agurain eta Gasteiz artean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.