Politika

Auzipetuek ukatu egin dituzte fiskaltzaren akusazioak

Errenteriako hiru gaztek eta Beasaingo beste batek Auzitegi Nazionalean deklaratu dute, gaur. Iazko maiatzaren 11n Iruñean izan zen manifestazioko liskarretan parte hartzea eta "desordena publiko terrorista" eragitea leporatu diete. Hiruk ukatu egin dute liskarretan parte hartu izana. Laugarrenak, berriz, nabarmendu du ez zuela "terrorismo" ekintzarik egin.

Asier Petrirena, Ruben Iglesias eta Endika Etura hiru auzipetu errenteriarrak, Iñigo Iruin defentsa abokatuarekin batera, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen. /. /
Asier Petrirena, Ruben Iglesias eta Endika Etura hiru auzipetu errenteriarrak, Iñigo Iruin defentsa abokatuarekin batera, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen. /. / Idoia Zabaleta/Foku

Berria -

2018ko maiatzak 21

Iruñeko istiluekin lotutako epaiketa gaur hasi da, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Lau gazte epaituko ditu auzitegiak: Asier Petrirena, Ruben Iglesias, Endika Etura eta Julen Pardo. Iazko martxoaren 11n Iruñean eginiko manifestazioan izandako liskarretan parte hartzea eta "desordena publiko terroristak" eragitea egozten die fiskaltzak. Zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat.

Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira Petrirena, Iglesias eta Etura. Istiluen egunean atxilotu zituzten, eta ia zortzi hilabete egin zituzten Iruñeko espetxean preso, behin-behinean. Beasaingoa (Gipuzkoa) da Prado, eta urrian inputatu gisa deklaratu ostean auzipetu zuten. Beste zazpi auzipetu ere badaude, adingabeak. Haien aurkako sumarioa Auzitegi Nazionaleko Adingabeen Epaitegiaren esku dago.

Auzipetuek fiskaltzaren eta defentsa abokatuen galderei erantzun diete. Petrirenak, Iglesiasek eta Eturak adierazi dute Iruñeko manifestazioan parte hartu zutela, baina ukatu egin dute istiluetan parte hartu zutenik. Gezurtatu egin dute epaiketan froga gisa aurkeztu diren argazkietan agertzen diren gazteak haiek direnik, eta egun horretan soinean bestelako arropak zituztela ziurtatu dute.

Pardok, berriz, manifestazioko liskarretan harri bat bota izana aitortu du, baina ukatu egin du egindakoa "terrorismoa" denik. Azaldu duenez, "inertziaz" bota zuen harria, eta ez zuen izua eragiteko asmorik, ezta inor zautitzeko borondaterik ere.

Gazteen defentsa abokatuek gehiegizkoa jo dute fiskaltzak lau gazteentzat egin duen zigor eskaria. Abokatuen iritziz, bidegabekeria litzateke egun hartako gertakariak "terrorismo" delitu gisa sailkatzea, eta argudiatu dute auzipetuak ez direla inolako "erakunde terroristako" kide. Horrez gain, instrukzio fasean gazte auzipetuen errugabetasun printzipioa urratu dela salatu dute. Nabarmendu dutenez, polizia atestatuak dira gazteen kontrako froga bakarrak.

Poliziaren esanetan, lau auzipetuek istiluetan parte hartu zuten. Horrez gain, laurei leporatu die ATA Amnistia ta Askatasuna taldeko kide izatea.

Lekukoek eta perituak hasi dira deklaratzen auzipetuen ostean. Gaurko saioak asteazkenean jarraituko du Auzitegi Nazionalean.

Iruñeko istiluen auzia hiriko 4. Instrukzio Epaitegia hasi zen aztertzen, baina, "terrorismo" akusazioa tarteko, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak hartu zuen auzia bere gain. Besteak beste, Altsasuko gazteen eta Kataluniako hainbat politikariren aurkako instrukzioak egin ditu epaile horrek. Halere, Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki horren aurka egin zuen, terrorismo delitu zantzurik ez zegoela argudiatuta, "delitu larriak izan arren" desordena publikoen barruan sartu behar zirelakoan. Azkenean, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalari eman zion arrazoia.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna