AEB

Gina Haspel CIAko buru izendatu dute

AEBetako zerbitzu sekretuak zuzenduko dituen lehenengo emakumezkoa da. Mende hasieran indarrean jarri zuten tortura programan ardura postuak izan zituen.

Haspel karguari zin egiten, Pompeoren, Trumpen eta Pence presidenteordearen aurrean. MARK WILSON / EFE
Berria
2018ko maiatzaren 21a
20:48
Entzun

Senatuak joan den astean haren izendapenaren alde bozkatu ondoren, Gina Haspelek gaur hartu du CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren ardura. Hala, Donald Trump presidenteak bururatu du Rex Tillerson Estatu idazkaritzatik kenduta egindako gobernu aldaketa, Mike Pompeo CIAko buruzagitzatik diplomaziaren buruzagitzara igarota, eta Haspel, berriz, zerbitzu sekretuen arduradun eginda. Karguaren zina egiteko hitzaldian Haspelek "emakumezko heroiak" izan ditu gogoan.

Haspelek 61 urte ditu, eta 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, CIAk Thailandian zuen espetxe klandestino baten arduraduna izan zen. Abu Zubaidah eta Abd al-Rahim al-Naxiri Saudi Arabiako herritarrek salatu zuten espetxe horretan torturatu zituztela —Al-Qaedako kide izatea leporatuta atxilotu zituzten, eta Guantanamoko espetxean dauzkate preso gaur egun—.

Joan den asteko agerraldian senatari batzuek aro hartaz eta torturaren erabileraz galdetu zioten Haspeli. Iraganaz ez zuen ezer esan nahi izan, eta adierazi zuen ez litzatekeela izan beharko CIAren ardura "galdeketak egitea". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.