Espainia

Eduardo Zaplana atxilotu du Guardia Zibilak, kapitala zuritzea egotzita

Espainiako Gobernuko bozeramaile ohi eta Lan ministro ohiaren etxebizitza miatzen ari da Polizia. Zaplanari leporatzen diote kapitala zuritzea, funtsak desbideratzea eta diru publikoaren erabilera bidegabea egitea. Beste bost lagun atxilotu dituzte.

Eduardo Zaplana Espainiako Gobernuko bozeramaile ohia, artxiboko irudi batean. ANGEL MEDINA G., EFE
2018ko maiatzaren 22a
07:36
Entzun

Hainbat hedabidek iturri judizialak aipatuz adierazi dutenez, Guardia Zibilak uste du Zaplanari leporatzen zaizkion delituek lotura dutela legez kanpoko esleipenekin eta haien truke kobratutako eskupekoekin. Lortutako diru beltza paradisu fiskaletatik Espainiara eramatea egozten zaio. Legez kontrako kontratu gehienak Zaplana Valentziako Generalitateko presidente izan zen garaikoak lirateke, 1995 eta 2002 artekoak.

Operazio berean, beste bost lagun atxilotu ditu Poliziak. Horien artean, Vicente Cotino enpresaria. Cotino ustelkeriarekin lotutako beste zenbait auzitan ere ikertua izan da.

Operazioa Valentziako (Herrialde Katalanak) 8. Instrukzio Epaitegiak gidatu du, eta irekita jarraitzen du oraindik. El PaĆ­s egunkariak adierazi duenez, operazioak ez du loturarik orain arte PPri eta alderdiko hainbat kideri egotzi zaizkien beste ustelkeria kasuekin.

Zaplana Espainiako Lan ministro izan zen Jose Maria Aznar presidentea zen garaian, 2002 eta 2004. urteen artean. Gobernuko bozeramaile ere izan zen 2003 eta 2004. urteetan. Horrez gain, PPko bozermailea izan zen Espainiako Kongresuan, 2004 eta 2008. urteen artean. Espainiako Gobernuko kide izan aurretik, Valentziako Generalitateko presidente izan zen (1995-2002), baita Benidormeko (Valentzia) alkate ere (1991-1994).

Ibilbide politikoa 2008. urtean eten zuen Zaplanak, urte hartako hauteskundeetan diputatu aukeratua izan eta aste gutxira. Telefonicaren Europako ordezkari izendatu zuten.

PPko ministro ohia Lezo kasuan ere ikerketapean izan da, Madrilgo presidente ohi Ignacio Gonzalezekin egin asmo zituen eragiketa ekonomiko batzuk tarteko. Poliziaren arabera, Zaplanak eta Gonzalezek Uruguaiko enpresa bat erostea adostu zuten, ustez, Gonzalezek legez kanpoko kontratuen bidez lortutako eskupekoak zuritzeko.

Fernando Martinez-Maillo PPko koordinatzaile nagusiak iragarri du alderdiak Zaplana kanporatuko duela gaur bertan, kautelazko neurri gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.