Enpresak

Indartu programa langabezia handiko herrietara zabaldu du Jaurlaritzak

Ezkerraldean eta Oiartzualdean enplegua sortzeko xedez inbertsio aktiboa sustatzen jarraituko du Indartu programak, baina aurten langabezia handiko beste herri batzuetara ere iritsiko da.

Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia gaurko agerraldian.
Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia gaurko agerraldian. Eusko Jaurlaritza

Irune Lasa -

2018ko maiatzak 22

Inbertsio jakin batzuk %10 diruz lagunduz, inbertsio aktiboa sorrarazi eta langabezia tasa handiko zonaldeetan enplegua sortu. Hori da Eusko Jaurlaritzaren Indartu programaren helburua 2015. urtetik. Aurreko hiru urteetan, Europako Batasunak egoera ahuleko eremutzat jotzen zituen eskualdeetara soilik joan dira diru laguntzak, hots, Nerbioi itsasadarraren ezkerraldeko eta Oiartzualdeko enpresetara. Aurten, ordea, laguntza horiek langabezia handia duten beste herri batzuetara ere iritsiko direla jakinarazi du gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak.

Programan atal berri bat zabalduko dute horretarako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat Eustatek emandako langabezia tasa %20 gainditzen duten herriak zerrendatuta. Udalerri horietan enpresa txiki eta ertainak dira laguntzak eska ditzaketenak, Europako Batasunak galarazten duelako enpresa handiak laguntzea. Aldiz, Ezkerraldean eta Oiartzualdean enpresa handien inbertsioak ere lagundu ditzake Jaurlaritzak. Laguntzetara aurkezteko enpresa txikiei eskatzen zaien gutxieneko inbertsioa milioi erdi eurokoa da. Enpresa handiei, berriz, bi miliotik gorako inbertsioak eskatzen zaizkie Indartu laguntzak eskuratu ahal izateko. Guztiek ziurtatu behar dute inbertsio propioak gutxienez inbertsio guztiaren laurdena bete beharko duela.

Ezkerraldeari dagokion zerrendan orain arte moduan sartzen dira honako herri hauetako enpresak: Abanto, Alonsotegi, Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Trapagaran, Zierbena eta baita ere ibaiaz beste aldeko Erandio ere.

Oiartzualdean aintzat hartzen dira: Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lezo, Oiartzun eta Pasaia.

Eta orain, Eustatek 2016an emandako langabezia tasaren arabera, honako herrietako enpresek eskatu ditzakete Indartu programako laguntzak: Araban Artziniega, Asparrena, Berantevilla, Bastida, Lagran, Lantziego, Lantaron, Moreda, Okondo, Agurain, Ekora Zanbrana eta Oion. Bizkaian Areatza, Arrigorriaga, Artzentales, Balmaseda, Basauri, Bermeo, Bilbao, Busturia, Elantxobe, Ermua, Gueñes, Izurtza, Karrantza, Lanestosa, Ondarroa, Sukarrieta, Turtziotz, Ugao, urduña, Zalla eta Zaratamo. Eta Gipuzkoan Alegia, Berrobi, Ikaztegieta eta Soraluze.

Indartu programaren orain arteko emaitzak laburbildu ditu sailburuak. 2015. urtetik 31 proiektu lagundu ditu programak, 150 milioi euroko inbertsioa sortarazi, 3.700 enplegu mantendu eta 700 lanpostu berri sortu. 2018an zortzi milioi eurorekin 10 proiektu lagundu eta 50 milioi euroko inbertsioa sortaraziko duela aurreikusten du Jaurlaritzak. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna