Politika

Foro Sozialak ontzat eman du espetxe politika moldatzeko lantalde mistoa sortzea

Foro Sozialeko ordezkaritza bat Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu da, gaur goizean. Foroak euskal presoen eta iheslarien gizarteratzeaz egin duen hausnarketaren ondorioak aurkeztu dizkio. Bilera bana eskatu die Urkulluri, Barkosi, Oregiri eta EPPKri ere.

Expe Iriarte eta Teresa Toda Foro Sozialeko ordezkariak, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin, gaur egin duten bileran. /
Expe Iriarte eta Teresa Toda Foro Sozialeko ordezkariak, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin, gaur egin duten bileran. / Iñigo Uriz/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko maiatzak 23

Foro Sozialeko Expe Iriarte, Jose Luis Uriz eta Teresa Toda Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin bildu dira gaur, "zio politikoengatik preso edo ihesi dauden pertsonen gizarteratzea" aztertzeko. Foroak gaiaz egin duen hausnarketaren ondorioak aurkeztu dizkio Aznarezi.

Todak adierazi duenez, Aznarezi helarazi diote espetxe politika ETAren desagerpenarekin batera ireki den garai berrira egokitu beharko litzatekeela. "Egiaztatzen dugu gogoeta horrekin bat datorrela Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gehiengo politiko, sindikal eta soziala eta baita bi erkidegoetako ordezkaritza erakundeak ere". Foro Sozialak balioa aitortu die gaixo diren presoei buruz, presoen hurbiltzeari buruz eta espetxe eskumenaren transferentziari buruz euskal erakundeek lortu dituzten akordioei. 

Horrez gain, ontzat jo du maiatzaren 4an Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariek Bertizko jauregian aurkeztutako proposamena ere. Foroaren esanetan, espetxe politikari buruzko batzorde mistoa "lan tresna egokia izan daiteke". Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko lantaldea osatzea proposatu zuten Urkulluk eta Barkosek.

UPNk, aldiz, mahai hori ez eratzea jarri du baldintza gisa Espainiako Gobernuaren aurrekontu proiektua babesteko, eta Madril horretara konprometitu dela adierazi zuen, atzo, Javier Esparza UPNko presidenteak.

Foro Sozialari "komenigarri" iruditzen zaio "presoekin zerikusia duen edozein erabaki" haien adostasunarekin hartzea. Hala, haren esanetan, "konponbide eskema" egokia da Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, EPPKren eta gizarte zibilaren arteko akordioetan oinarritutakoa.

Foro Sozialak argitu du espetxe politika egokitzeaz ari denean ez dela "inolako kontraprestazio edota pribilegio estrategiarik" defendatzen. "Egungo espetxe legedia aplikatzeaz ari gara, argi eta garbi".

Foroak Aznarezekin egin duen bilera erronda bateko lehena izan da. Halaber, bilera bana eskatu die Barkos eta Urkullu lehendakariei, Ana Oregi Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldeko presidenteari, bi erkidegoetako arartekoei eta EPPKri.

Datorren asteartean, Foro Sozialak prentsaurrekoa eskainiko du Bilbon, Sarerekin eta Etxerat-ekin batera –Foro Sozialeko kideak dira biak–. Presoen gaia konpontzeko urgentziazko urratsez ariko dira.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna