ESPAINIAKO AURREKONTUAK

"Arduragatik", aurrekontuak babestu ditu EAJk

Euzkadi Buru Batzarrak azaldu du aurrekontuen blokeoak "amildegirantz" bultzatuko lukeela, "orain arte baino gehiago, Espainia eta Kataluniako egoera politikoa". Katalunian 155. artikulua aplikatuta dagoen bitartean aurrekontuak ez zituela onartuko hitzeman zuen.

Aitor Esteban EAJkoa eta Cristobal Montoro Ogasun ministroa, Kongresuan gaur. /
Aitor Esteban EAJkoa eta Cristobal Montoro Ogasun ministroa, Kongresuan gaur. / Emilio Naranjo/EFE

Jon O. Urain -

2018ko maiatzak 23

EAJk baietz esan die Espainiako aurrekontuei. EAJko zuzendaritza gaur batzartu da, eta bertan erabaki du Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuek aurrekontuak babestearen aldeko botoa ematea: "Arduraz" hartu du erabaki hori, "Euskadiren interesak Euzko Alderdi Jeltzalearen interesen gainetik jarriz eta Katalunian 155 artikulua epe laburrean indargabetzea bultzatzeko eman daitekeen urratsa delaren uste osoarekin".

Ohar batean, jeltzaleek adierazi dute EAJk hilabeteotan "muzin" egin diola aurrekontuak negoziatzeari, "printzipio kontua" zela-eta: "Jarrera honi eutsi izan diogu gaur arte erantzukizunez jokatzeko: ulertzen genuen eta ulertzen dugu Kataluniarekin arduraz jokatu nahi badugu, baina batez ere Euskadiko autogobernuarekin erantzukizunez jokatu nahi badugu, Estatuan kontrapisu gisa jardun behar genuela 155.aren indargabetzea bultzatzeko".

Egoera hori azken egunotan aldatu da, EAJren arabera: "Kataluniako Generalitateak President legitimoa dauka honezkero, Parlamentaren gehiengo osoak aukeratua, eta 155. artikulua indargabe geratzea oso hurbil dago". Alderdiak argudiatu du, egoera horretan, 155. artikuluak "iraungitze data" daukala: "EAJ buru-belarri ari da aurreikuspen hori konfirmatua izan dadin". Bestalde, ordea, uste du aurrekontuen blokeoak "amildegirantz" bultzatuko lukeela, "orain arte baino gehiago, Espainia eta Kataluniako egoera politikoa. Aurrekonturik gabe, gatazka ez litzateke konpontzetik hurbilago egongo; guztiz alderantziz, egoera gaiztotu egingo litzateke eta urrundu egingo litzateke elkarrizketa eraikitzailea izateko aukeratik".

Horrez gain, aurrekontuen kontra bozkatzea "keinu bat" litzatekeelakoan dago EAJ, "baina ez luke ondorio erreal edo praktikorik ekarriko Katalunian aldaketa eman dadin. PPko gobernuari ematen zaion txeke zuria izan baino, erabaki honek EAJri ematen dio Katalunian elkarrizketa bidezko irtenbide hitzartua ahalbidetzeko orduan eragiteko duen ahalmenari eusteko aukera". Erabaki hori hartuta, EAJk "mantentzen du, era berean, irtenbide autoritario eta inposatzaileak besterik erabili nahi ez dituztenei aurre egiteko duen gaitasuna".

Pentsiodunen alorrean eginiko akordioa ere gogorarazi du EAJko zuzendaritzak: "Aurrekontu hauek babesteak bermatuko du pentsiodunen kolektibo osoak jasotzen duen prestazioa gutxienez %1,6 igoko dela hurrengo urte biotan. Igoera hau are handiagoa izango da errentarik txikienak jasotzen dituztenentzat eta alargunentzat". Azkenik, "Euskal Agendarekin eta Euskadiko garapen eta modernizazioarekin" duen "konpromisoa" nabarmendu du: "EAJk babestuko dituen aurrekontuek jasotzen dute, era berean, Euskadin 540 milioiko inbertsio errekorra egitea: bultzada erabakigarria emango zaie Abiadura Handiko Trenari eta bestelako azpiegitura estrategikoei, euskal industriarentzako bidezko tarifa elektrikoa lortuko da eta hainbat ekimen sustatuko dira I+G+B esparruan, kulturan eta ingurumenean, besteak beste".

"Eztabaida handia"

Atzo hasi zen aurrekontuei buruzko bozketa Espainiako Kongresuan, baina gaur arte ez du argitu bere behin betiko jarrera EAJk. 16:00etan egin du hori, Euzkadi Buru Batzarrak kazetariei bidalitako ohar baten bidez. Gero, Kongresuko prentsa aretoan, agerraldia egin du Aitor Esteban diputatuak, bi egunez adierazpenak egin gabe eman ostean. Erabakiaren atzean “hausnarketa sakona eta eztabaida handia” egon dela azpimarratu du, eta "Euskadiren eta Kataluniaren interesak" izan dituztela kontuan erabakia hartzerakoan. Eskertu ditu "Kataluniako abertzale batzuek" EAJren erabakia zeinahi izanda agertu duten errespetua.

Estebanek berretsi du 155ak “iraungitze data” duela, “aste, egun edo ordu” kontu bat dela indargabetzea. “Eta jakinaren gainean gaudelako esaten dugu hori”, berretsi du diputatu jeltzaleak, zehaztasun gehiago eman gabe. “Eman ditzaket. Baira hori hala izango dela dakitenen izenak ere, baina ez dut nik egingo”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna