Pilota

Olaizola eta Altuna, gustura finalerako pilotekin

Aimar Olaizolak 106,5 eta 104,4 gramoko pilotak aukeratu ditu; 106,1 eta 106,5 gramokoak Jokin Altunak.

2018ko maiatzaren 24a
21:39
Entzun

Olaizola II.ak eta Altuna III.ak gustuko dituzte finalerako aukeratu dituzten pilotak. Baita aurkariak saskirako gordetakoak ere. Pilotak, beraz, ez dira aitzakia izango. Altuna II.aren esanetan, "lote guztia polita zen". Gehiago gustatu zaio finalerdietakoa baino. Olaizola II.aren ustez, ez da alde handirik izango bien arteko pilotetan.

Bi finalistek final gogorra izango dela uste dute. Olaizola II.ari zaila egiten zaio Altuna III.ari nola jokatu behar dion aurreikustea. "Ez du zulorik. Baina buruz buru ezin da miraririk egin", adierazi du.

Pilotari amezketarraren esanetan, aldiz, "hiruzpalau gauza oso on egiten ditu" Olaizola II.ak, eta egiten dituen horiek "ezin dira oztopatu". Altuna III.ak aitortu du ez duela aurkariaren bideorik ikusi, pilotan jokatzen hasi zenetik "ia bere partida guztiak" ikusi dituelako.

Biak bat etorri dira finalean sakea izango dela gakoetako bat. "Altuna sakatzaile handia da. Opariak egin eta berak sakea hartzen badu, ezinezkoa izango da irabaztea", ohartarazi dio goizuetarrak bere buruari. Altuna III.aren ustez lehen pilotakada izango da "garrantzitsuena". Asmatuz gero, aukariak ezer gutxi egin dezakeela ziurtatu du.

Oso esanahi desberdina izango du igandeko finalak batarentzako eta bestearentzako. Olaizola II.ak buruz buruko hamargarren finala jokatuko du, 38 urterekin. "Ia inork ez zuen espero ni honaino iristerik. Nik ere zail ikusten nuen. Sari bat bezala hartu dut", azaldu du. Txapelketa honetan "inoiz baino maitatuago" sentitu da. Olaizola II.aren iritziz, adinarengatik eta jendeak finalera iristea espero ez zuelako izan da hala.

Altuna III.ak, berriz, buruz buruko lehen finala du igandekoa, eta ilusio handia nabari zaio. "Gauero ematen dizkiot bueltak partidari. Beti horretan pentsatzen. Ni seguru nago berak ondo jokatuko duela".

Partidak ikusmin handia piztu du zaleen artean. Igandean argituko da bietako nor nagusituko den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.