Epaiketak

Hiru eta bost urte arteko zigorrak Serbielle eta beste hirurentzat

Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu Antza ETAko kideak lagundu eta aterpetzea egotzi die Parisko Auzitegiak. Ez dituzte espetxeratuko.

2004an Iparragirre eta Antza atxilotu zituzten etxea, Sailes-de-Bearnen. JAVIER ETXEZARRETA (EFE)
Berria
2018ko maiatzaren 24a
15:19
Entzun

Peio Serbielle musikariaren eta Robert Arricauren aurkakokoak dira zigorrik handienak: bost urte. Baina ez dituzte espetxeratuko. Serbiellen kasuan behin behinean preso egin zituen hilabeteak direla-eta; eta Arricauren kasuan, delitu bera berriro ez egiteko baldintzarekin. Maryse Laviereri lau urtekoa ezarri diote eta ez dute preso sartuko; ezta Didier Arricau ere (hiru urteko zigorra). Parisko Auzitegian epaitu dituzte asteon.

Leporatu diete 1999tik 2004ra ETAko bi kide laguntzea eta aterpetzea. Auzia bertan behera uzteko eskatu zuen defentsak, atzerapena aintzat hartuta. Prokuradorea horren aurka agertu zen, argudiatuta "terrorismoari" lotutako delituen kasuan preskribatzea hogei urtekoa dela.

Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu Antza ETAko kideak 2004ko urriaren 3an atxilotu zituzten Salies-de-Bearnen (Okzitania). Epaiaren arabera, Serbielle eta Robert Arricauren bitartez lortu zuten etxe hori, Didier Arricau eta Maryse Lavierek alokatuta.

Atxiloketarekin loturik, ondoko asteetan, Frantziako eta Espainiako poliziek 21 lagun atxilotu zituzten. Gehienak 2010ean epaitu zituzten. Serbiellek, Laviek, eta Robert eta Didier Arricau anaiek hamalau urte itxaron behar izan dute horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.