Mundua

Rajoyren kontrako zentsura mozioa erregistratu du PSOEk, eta gobernua osatu nahi du

Lau puntuko bide orria azaldu du Pedro Sanchezek, osatu asmo duen "PSOEren gobernuarentzat", eta haietako azkena bozetara deitzea dela esan du. "Demokraziari duintasuna itzultzea" da asmoa. Ciudadanosek ez du babestuko sozialisten mozioa, eta hauteskundeetara deitzeko eskatu dio Rajoyri. EAJ "hitz egiteko prest" dagoela esan du Estebanek. Rajoyk dio "Sanchezen interesei" erantzuten diela mozioak, eta ez beste inorenei.

Sanchez, atxiboko irudi batean. RODRIGO JIMENEZ, EFE
Oihana Elduaien Uranga.
2018ko maiatzaren 25a
09:49
Entzun

Zentsura mozioaz hitz egiteko bilduta daude PSOEko exekutiba federaleko kideak 11:00etatik. Baina bileraren aurretik mozioa erregistratzea erabaki du Pedro Sanchez alderdiko buruak. Margarita Roblesek erregistratu du, eta gero, exekutiba federal osoaren babesa jaso du. Kongresuko Mahaiak astelehenan edo artean erabakiko du tramitera onartzeko balditzak betetzen dituen edo ez. Behin onartuta, bi eguneko epea izango dute gainerako taldeek beste mozioren bat aurkeztu nahi badute ere. Mahaiak onartzen duenetik gutxienez bost egun pasatu behar dira eztabaida egiteko, eta bitarte horretan Rajoyk ezin ditu Gorteak desegin. Datorren astean ez hurrengoan egingo litzateke eztabaida, seguruenera.

Bere asmoen berri eman du Sanchezek prentsaurrekoan. Arduratsu izateko eskatu die gainerako alderdiei, eta babesa eskatu die diputatu guztiei, "baita independentistei ere". Birritan esan du "PSOEren gobernua" osatu nahi duela. "Normaltasun instituzionala" berrezartzea izango litzateke gobernu horren egitekoa, eta gero hauteskundeetara deituko luke. Normaltasun hori lortzetik eta bozetara deitu aurretik, bi puntuko bide orriaren berri eman du: "Bizitza politikoa onbideratzea" eta gizarte gaietako agenda errekuperatzea, jendea "larrialdi egoeran" baitago.

Espainiako "krisi instituzional larria" dago Sanchezen arabera, eta horrek arduradun bakarra du PPren eta Espainiako Gobernuaren buru den Mariano Rajoy. Hark zer egingo zain egon ziren atzo, baina, ezer ez duenez egin, "arduraz" jokatu beharra daukala uste du. Horregaitik aurkeztu du mozioa.

Aukerak

Horixe egiteko eskatu zion atzo Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak PSOEri. Oposizio osoak agertu zuen jarrera gogorra Gurtel auziko zigor epaia atera ostean. Podemosen babesa izango duela aurreratu zion Iglesiasek Sanchezi, eta PDeCATek ere horixe egingo duela jakinarazi zuen. Compromisek ere baietz esan du gaur. ERCk ere mozioaren alde agertu da, baina "katalanei egindako irainak zuzentzeko" eskatu dio PSOEri. Dena den, Joan Tarda ERCko diputatuak nabarmendu du beharrezkoa dela PP gobernutik "berehala" kentzea, "Europako alderdi ustelena" delako.

Horien babesarekin ez da nahikoa, ordea. EAJren babesa bilatzea izan daiteke alderdi kataluniarrekin batera Rajoy gobernutik kentzeko aukeretako bat. Aitor Esteban EAJko diputatuak PSOErekin "hitz egiteko prest" dagoela esan du Sanchezen agerraldiaren aurretik. Zentsura mozioaz hitz egingo duela, baina jakin nahi duela PSOEk zein "planteamentu" dituen "Euskadiri eta bere helburuei buruz". Sanchezek egin nahi duena zer den ere ikusi behar dela dio: gobernua osatu edo ez... Horiek guztiak aztertuko ditu EAJk, erabaki aurretik.

Zentsura mozioarekin batera lehendakaritzarako hautagai bat proposatu behar da, eta hark nahiko babes jaso ezean ez da aurrera aterako mozioa. 176 aldeko boto behar ditu. PSOErenak (84), Podemosenak (67), PDeCATenak (8), ERCrenak (9), EAJrenak (5) eta Compromisenak (4) batuta, iristen dira. EAJren babesa ez da ezinbestekoa PSOErentzat, konbinazio posible gehiago ere badaudelako, baina garrantzitsua da. EAJ gabe mozioa onartzeko, Podemosen (67) eta Ciudadanosen (32) babesa behar luke PSOEk (84). Baina aukera galdu du dagoeneko, izan ere Ciudadanosek irragarri du ez duela babestuko sozialisten mozioa.

Jose Manuel Villegas Ciudadanoseko idazkari nagusiaren irudiko, "herritarrei hitza ematea da konponbidea", gobernu indartsu eta zilegi bat eratzeko. Alderdiak astelehenean du bilera gaiari buruz erabakitzeko, baina hauteskundeak egitearen aldekoak dira, eta horixe egiteko eskatu dio Rajoyri. Hark bere jarreran itxi eta mugimendurik egiten ez badu, baina, beste zentsura mozioa bat aurkeztuko du Ciudadanosek, "instrumentala" dela ulertuta. Bigarren aukera horri eutsiz gero ere, "herritarrei ahotsa ematea" nahi luke.

EH Bilduk bi diputatu ditu Kongresun, eta haren botoak ez dira erabakigarriak. Nolanahi ere, Iker Casanova legebiltzarkideak jakitera eman duenez, EH Bilduren ustez aldatu behar direnak ez dira pertsona proiektuak baizik. "Politika atzerakoak, murriztaileak eta zentralizatzaileak aldatzeko blaio badu", mozioa babestuko dutela dio. Koalizioak astelehenean erabakiko du:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.