KATALUNIA

Torrak Rajoyri ohartarazi dio derrigortuta dagoela gobernu osaketari bide ematera

Generalitateko Aholkularitza Juridikoko Batzordeak ontzat eman du espetxean edo erbestean diren kontseilarien izendapena. Gaineratu duenez, karguaz jabetu daitezke, ekitaldian izan gabe ere. Torrak ohartarazi du legezko baliabide guztiak erabiliko dituela izendapena gauzatzeko.

Quim Torra Kataluniako presidentea, gaur, Kataluniako Parlamentuan. /
Quim Torra Kataluniako presidentea, gaur, Kataluniako Parlamentuan. / Toni Albir/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko maiatzak 25

Generalitateko Aholkularitza Juridikoko Batzordeari eskatu zion txostena jaso du Quim Torra Kataluniako presidenteak. Kontseilari izendatu dituen eta espetxean eta erbestean dauden lau kontseilari ohiek haien karguen jabe egiteko aukerak azter ziizala eskatu zion, eta batzordeak adierazi dio karguaz jabetzeko moduan direla, ekitaldian parte hartzeko modurik izango ez balute ere.

Txosten hori Espainiako Gobernuari bidali dio Torrak, eta "atzerapenik gabe" Kataluniako Gobernuaren osaketari bide emateko galdegin dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari. Izan ere, Madrilek gobernu eratzea blokeatu du 155. artikuluaren bidez; kontseilarien izendapena Generalitatearen Egunkari Ofizialean argitaratzeari uko eginez. Torrak Madrilen kontrako neurri legalak hartzeko aukera ere azter zezala eskatu zion Aholkularitza Juridikoko Batzordeari, Espainiako Gobernua legedia urratzen ari dela iritzita.

Batzordearen esanetan, Rajoyren gobernua behartuta dago kontseilarien izendapena Generalitatearen Egunkari Ofizialean argitaratzera. Gauzak horrela, Torrak adierazi du erabaki hori errespetatua izan dadin eskura dituen legezko baliabide guztiak agortuko dituela. Ez du baztertu Rajoyren kontrako kereila aurkeztea, prebarikazio delituagatik.

Batzordearen ebazpenaren arabera, gobernuko kideak izendatzeko eskumena gobernuko presidentearena da, eta eskumen hori "ez dago 155. artikuluaren ezarpenetik eratorritako inolako autoritate edo kontrolen menpe". Batzordeak argitzen du Generalitatearen Egunkari Ofizialaren argitalpenak Espainiako Gobernuaren baimena behar duela, baina baimen hori "kontrol formal soila" dela adierazi du. Espainiako Gobernuak kontseilarien izendapena argitaratzeari uko egingo balio, legea urratuko lukeela uste du batzordeak.

Bestalde, Katauniako presidenteak kautelazko neurriak har ditzala eskatu dio Kataluniako Auzitegi Nagusiari, kontseilarien eskubideak bermatzeko.

Torrak espetxean diren Josep Rull eta Jordi Turull, eta Belgikan erbestean diren Toni Comin eta Lluis Puig izendatu ditu gobernu berrian.

Elkarrizketa eskatu dio beste behin Kataluniako presidenteak Espainiako Gobernuari.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna