Itsaso Azkarraga

"Arnasten dugun bezala, guztiok filosofatzen dugu"

Lau kafe filosofiko antolatu ditu Agora filosofia elkarteak Gasteizko Dazz tabernan azken hilabeteotan. Itsaso Azkarraga elkarteko kideak ALEA-FM irratsaioan azaldu duenez, filosofiaren izaera berreskuratzea da elkartearen jardunaren helburua: "Nahi duguna da ikustea arnasten dugun bezala, guztiok filosofatzen dugula".

2018ko maiatzaren 27a
09:07
Entzun

Zer da Agora elkartea? Zeintzuk dira taldearen helburuak?

Agora elkartea 2005. urtean sortu zen, eta bertan lanean dihardugu erkidegoko hainbat filosofia irakaslek. Gogoratuko duzunez, Espainiako gobernuak LOMCE legea ezarri zuen, eta erkidegoan horren aplikazioa Heziberri dekretua izan da. Dekretuaren harira ikusi dugu, berriro ere, filosofia nola zokoratzen duten. Ordu kopuruen murrizketa itzela egon da; eta horren aurrean biltzeko eta zerbait egiteko beharra sentitu genuen. Gure helburuen artean daude filosofiaren hezkuntza sendotzea, zabaltzea eta hobetzea, eta aldi berean filosofiarekin zerikusia duten jarduerak sustatzea. 

Orduen murrizketaz gain, zer beste eragin du Heziberri dekretuak?

Batez ere ordu murrizketa da; orain arte Batxilergoaren bigarren mailan derrigorrezkoa izan da filosofiaren historia, eta orain hautazkoa da. Halaber, DBHko laugarren mailako Etika ere desagertu da, eta ikasleek aukera dute orain Balio Etikoak edo Erlijioa aukeratzeko; Erlijioa garaile atera da dekretu honekin. Horretaz gain, uste dugu gobernu batek proposatzen duen hezkuntza planak baduela zerikusirik bere asmoekin; azken finean bere ispilua da, eta ikusi dugu filosofia nolabait baztertuta geratzen dela, pentsamendu librea garatzeko eta argudiaketa lantzeko aukera nagusia desagertu egiten dela. Hori kezkagarria eta beldurgarria da. Hor ikusten da gobernuak zer motatako gizartea nahi duen, eta zer motatako herritarrak bilatzen dituen.

Filosofia Plazara izeneko jardunaldiak antolatu dituzue. Zer garrantzia du filosofia kalera ateratzeak?

Hainbat hiritan ikusi dugun eredua da, gustatu zitzaigun, eta planteatu genuen: zergatik ez Gasteizen? Filosofia Plazara izena du filosofia ikasgai batekin identifikatzen duen irudiarekin apurtu nahi dugulako. Filosofia hitza esaten digutenean burura etortzen zaiguna guztioi institutuko gela bat da, eta eskola bat. Horrekin apurtu nahi dugu, eta filosofiaren izaera berreskuratu. Filosofia, Mendebaldeko filosofia, agoran jaio zen, plazan, eta hori berreskuratu nahi dugu, eta bide batez mahai gainean jarri filosofiak ez duela ez espazio fisiko mugaturik, ezta adinik ere. Gure egunerokotasunean hainbat galdera filosofikotan murgiltzen gara: nola lortu zoriontasuna, izaki politikoak bezala nola kokatu, teknologia berriak eta zientziaren garapena nola kudeatu… Filosofia ez da ikasgai bat, jarduera gizatiarra da, berezkoa dugu, gurea da, eta  hori plazaratu nahi dugu.

Egindako jardueren inguruan zer balantze egiten duzu?

Kontuan izanda Gasteizen lehenengo aldia dela horrelakorik egiten dela, balantze positiboa egiten dugu, pozik gaude. Lantegiek, eztabaidek eta hitzaldiek orohar oso harrera ona izan dute. Datorren ikasturteari begira egokitzapen batzuk egingo ditugu. Ikusi dugu, adibidez, haurrentzako filosofia saio batzuk eskaintzea aukera ona izan daitekeela. Halaber, ikasleekin egin genituen lantegi batzuk, Filosofia eta artea, edo Filosofia eta antzerkia, adibidez, eta arrakasta handia izan dute. Beharbada pena merezi du horretan energia gehiago inbertitzea, eta gehiago zabaltzea. Oso harrera ona izan dute, parte hartu duen jendeak jarraipena ematea eskatu du.

Kafe filosofikoak ere antolatu dituzue. Zer gai jorratzeko?

Lau egin ditugu, otsailetik maiatzera arte: bi gaztelaniaz eta bi euskaraz. Beti gonbidatu batekin egin dugu. Bizitza likidoari buruzkoa izan zen lehenengoa, eta Mikel Askunze gonbidatu genuen; Zygmunt Baumanen pentsamenduaz aritu zen. Bigarrena, euskaraz, Joxe Agirrerekin, Zer da gizakia? galderaren inguruan egin genuen. Bere ekarpena oso polita eta aberasgarria izan zen. Emakumeak eta filosofiari buruzkoa izan zen hirugarren kafea; emakume filosofoekin zorretan geundela sentitzen genuen, eta Marisa Hurtado gonbidatu genuen, emakumeek filosofian egin duten ekarpena azaltzeko. Azkena, Miren Camisonek gidatu du eta edertasunari buruz hausnartzeko aukera izan dute partaideek. 

Zer formato erabiltzen duzue kafe filosofiko horietan?

Egon dira formatu desberdinak; gonbidatuari askatasuna ematen diogu nahi duen moduan antolatzeko saioa. Egon ahal da formatu bat non hizlariak gaia komentatzen duen, eta gero horren harira denen artean eztabaidatzen dugun; edo hizlariak galdera botatzen du eta talde txikitan hitz egiten dugu. Beti sortzen da oso giro polita, eta giroak laguntzen du parte-hartze horretan. Jende desberdina batzen gara, bakoitza dator ideia batekin, baina agian inoiz pentsatu ez duzun hori entzuteko aukera duzu.

Filosofian aditua izan behar da zuen ekimenetan parte hartzeko? 

Ez. Aniztasuna eta aberastasuna bilatzen dugu, bakoitza bere formakuntzarekin etor dadila, eta denon artean ea zer ateratzen dugun. Guk nahi duguna da ikustea arnasten dugun bezala, guztiok filosofatzen dugula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.