krisi politikoa espainian

Ostegunean eta ostiralean eztabaidatuko du Kongresuak PSOEren zentsura mozioa

Mariano Rajoy Espainiako presidentearen kontrako zentsura mozioa onartzeko, gehiengo osoa beharko du Pedro Sanchezek. Luis Barcenas gaur sartuko da espetxean ustelkeriagatik Gurtel auzian ezarritako zigorra betetzen hasteko.

Javier Lizon/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko maiatzak 28

Joan den ostiralean PSOEk aurkeztu zuen zentsura mozioa tramiterako onartu du Espainiako Kongresuko mahaiak. Gurtel auziko epaia dela eta, Mariano Rajoy gobernutik kentzea ezinbestekoa dela azpimarratu du Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak. PSOEren zentsura mozioa tramiterako onartuta, ekinaldiaren berri emango die mahaiak Espainiako presidente Mariano Rajoyri eta parlamentuko taldeetako bozeramaileei. Taldeek bi eguneko epea izango dute bestelako zentsura mozio bat aurkezteko.

Zentsura mozioaren alde agertu dira Podemos, PDEcat, ERC eta Compromis. 176 aldeko boto behar ditu Sanchezek Rajoy Moncloatik kentzeko. PSOErenak (84), Podemosenak (67), PDeCATenak (8), ERCrenak (9), EAJrenak (5) eta Compromisenak (4) batuta, kopuru hori gaindituko luke (177). EAJren babesa ezinbestekoa da Ciudadanosek (32) iragarri baitu ez duela babestuko sozialisten mozioa. Ciudadanosek bozetara lehenbailehen deitzea nahi du. Albert Rivera alderdiko presidenteak iragarri du Rajoyk hauteskundeak deitzen ez baditu, "hautagai independente bat" proposatuko duen zentsura mozioa aurkeztuko duela, hauteskundeak deitzeko. "Konstituzioa eta aurrekontuak ezartzeko zentsura mozioaz ari gara, hauteskundeak deituko dituen hautagai batekin".

Podemosek ere ez du baztertu hauteskundeetara deitzeko mozio bat defendatzea. Pablo Iglesias alderdiko idazkari nagusiak azaldu duenez, alderdiaren "lehen aukera" gobernu "aurrerakoia" eratzea da, "erreskate soziala" gauzatuko duen eta "lurralde arazoa bide demokratikoetatik kudeatzeko elkarrizketa" sustatuko duen gobernua osatzean, hain zuzen. PSOEren mozia "egiazkoa" baldin bada, PSOEk beste alderdi batzuekin negoziatu beharko duela ohartarazi du. Aukera hori gauzatu ezin bada, Podemosen "bigarren aukera zentsura mozioaren ondoren huteskundeetara ahalik eta lasterren deitzeko akordioa" lortzea da. Hala ere, alderdiaren jarrerari buruzko azken hitza Podemoseko kideek izango dutela gaineratu du. Osteguna baino lehen, galdeketa egingo du alderdiak militanteen artean.

EAJ eta EH Bildu, zain

Euskal Herriko alderdien artean ez EAJk ezta EH Bilduk ere ez dute iragarri zer bozkatuko duten Rajoy kendu eta Sanchez presidente izendatzeko zentsura mozioan. Arnaldo Otegik urgentziazko agerraldi bat egin du gaur arratsaldean eta esan du "koherentziaz" bozkatuko dutela ostiralean eta Kataluniako alderdi independentistekin harremanetan daudela bozketa horri begira. Rajoy Espainiako presidentetzatik kendu behar dela esan du Otegik, baina aldi berean Sanchez arazoaren parte bat dela gaineratu du eta Espainia demokratizatuko duen aukerarik ez dela adierazi du. Aurretik EH Bilduk azaldu du aukera hori balego, prest legokeela zentsura mozioa babesteko.

Alderdi jeltzaleak asteburuan adierazi du aztertu egingo duela PSOEren ekinaldiak zein proposamen dituen autogobernuari eta "euskal agendari" dagokienez. Beraz, joan den astean PPrekin estatuko aurrekontuez akordioa lortu duen arren, prest dago PSOErekin hitz egiteko. Aitor Esteban EAJren Kongresuko taldeko bozeramaileak, ordea, ez du argi PSOEk EAJren babesa nahi ote duen, azaldu duenez, alderdi sozialista ez baita jeltzaleekin harremanetan jarri.

Estebanek nabarmendu du Sanchezek galdera askori erantzun beharko diela EAJk zein jarrera hartuko duen erabaki aurretik. "Ez daki noiz desegin nahi duen [parlamentua], zein gauza konpondu nahi dituen, norekin konpondu nahi dituen, zein gehiengo duen, zein ideia dituen Euskadirentzat, ezta Kataluniako egoera konplexuarentzako zein konponbide duen ere".

Luis Barcenas, espetxera

Gaur sartu da espetxean Luis Barcenas PPko idazkari izan zena. Gurtel auziko auzipetuek saioa zuten gaur Auzitegi Nazionalean epaia jasotzeko, eta han jakinarazi diete Barcenasi, Guillermo Ortega Majadahondako alkate ohiari eta Alberto Lopez Viejo Madrilgo autonomia erkidegoko kontseilari ohiari espetxean sartu behar zutela berehala, aurreko astean ezarritako zigorra betetzen hasteko, Konstituzionalak epaia irmo noiz egingo itxaron gabe. Zigor altuenak jaso zituzten hiruak dira: hurrenez hurren, 33, 38 eta 31 urteko espetxe zigorrak.

Gurtel auzian zigortutako 29 lagunetatik 16 deitu dituzte gaur goizean Auzitegi Nazionalak magistratuen aurrera. Zigortuak izan ziren gainontzeko auzipetuei asteazkenean jakinarazi diete euren zigorren inguruko erabakia. Ustelkeriaren kontrako fiskaltzak bermerik gabeko espetxeratzea eskatu du guztientzat. Horien artean, baita Rosalia Iglesiasentzat. Argudiatu duenez, berak eta Barcenas bere senarrak ihes egiteko arriskua dute.

Ricardo de Prada epaile aurrerakoia erabakia hartu behar duen epaimahaitik kanpo utzi du CPGJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. De Prada Hagako Auzitegirako zerbitzu berezietarako aldian da, baina gaur goizeko saiorako gaitu zezala eskatu dio CGPJri. Hark ukatu egin dio eskaria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna