Zentsura mozioa

Rajoy, eta Galiziako zentsura mozioa

 
Mariano Rajoy Espainiako egungo presidentea, 2003ko apirilean, Manuel Fraga Francoren diktadurako ministro ohi eta PPko ohorezko presidentearekin. Argazkia ateratako garaian Galiziako Gobernuko presidente zen Franga eta Espainiako presidenteorde zen Rajoy
Mariano Rajoy Espainiako egungo presidentea, 2003ko apirilean, Manuel Fraga Francoren diktadurako ministro ohi eta PPko ohorezko presidentearekin. Argazkia ateratako garaian Galiziako Gobernuko presidente zen Franga eta Espainiako presidenteorde zen Rajoy Torrecilla/EFE

Martxelo Otamendi -

2018ko maiatzak 31

Ostiraleko bozketan Espainiako Kongresuaren gehiengoak baiezkoa ematen badio Sanchez sozialistak Rajoy gobernuburuaren aurka aurkeztu duen zentsura mozioari, ez da aurreneko aldia izango Mariano Rajoyk gobernu bat utzi beharko duena zentsura mozio batengatik.

Galizian gertatu zen, 1986an. Urte horretan, Galiziako PPren barruan eszisioa gertatu zen, Xose Luis Barreiro alderdikide eta gobernuko lehendakariordeak bultzatuta. Barreirok lehendakariorde ardura utzi zuen Xerardo Fernandez Albor presidentearen gobernuan, eta oposiziora pasatu zen parlamentari multzo batekin, PP gutxiengoan utziz parlamentuan. Fernandez Albor presidenteak Mariano Rajoy izendatu zuen lehendakariorde Barreiroren ordez. Rajoyk, ondorioz, Pontevedrako Diputazioaren lehendakaritza eta Espainiako Kongresuan zeukan aulkia utzi behar izan zituen, Fernandez Alborren gobernuan lehendakariorde izateko.

Fernandez Albor presidentearen ahuldadea baliatuta, Fernando Gonzalez Laxe buruzagi sozialistak zentsura mozioa aurkeztu zuen PPren gobernuaren aurka. Aurkeztu eta irabazi, PSdG, Coalicion Galega eta Partido Nacionalista Galego alderdien babesa jaso zuelako.

Mariano Rajoy, zentsura mozioa galtzearen ondorioz, politika aktiboa utzi eta Santa Polara itzuli zen (Alacant, Herrialde Katalanak); herri horretan baitauka ondasunen erregistratzaile plaza. 1989ko Espainiako hauteskundeen ondoren, 1987an utzi zuen Espainiako Kongresura itzuli zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna