Zentsura mozioa

PPren aurrekontuak erabiliko ditu Sanchezek mozioak arrakasta izanez gero

PSOEko presidentegaiak hainbat keinu egin dizkie EAJri eta Kataluniako alderdi independentistei bere programa defendatzeko diskurtsoan. Rajoyri dimisioa emateko eskatu dio.

Sanchez kongresuan, bere programa defendatzen
Sanchez kongresuan, bere programa defendatzen EFE

Ander Perez Zala -

2018ko maiatzak 31

"Mozioa ez zegoen gure planen artean, eta ni hautagai izatea ez zegoen nire planen artean. Baina beharrezkoa da". Hala laburbildu du Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiak Mariano Rajoy Espainiako presidentearen aurkako zentsura mozio bat aurkezteko arrazoia eskatu diotenean. Aurretik mozioaren aurkezpenean Jose Luis Avalos Antolaketa idazkariak adierazi du Gurtel auziaren ondoren PPk ezin duela gobernuan jarraitu.

Sanchez Espainiako Kongresura itzuli da diputatu akta utzi zuenetik lehenengoz, eta gogor aritu da Rajoyren aurka. Espainiako presidentearen aurkako kritikak eta EAJrekiko eta Kataluniako alderdi independentistekiko keinuak tartekatu ditu bere diskurtsoan, biharko bozketari begira. 176 diputaturen babesa behar du Sanchezek, eta oraingoz ez ditu behar adina lortu.

Horregatik, eta EAJren eskariari erantzunez, iragarri du PPren aurrekontuak erabiliko dituela mozioak arrakasta izanez gero. Kataluniako alderdi independentistei begira, berriz, ziurtatu du Kataluniarekin eta Quim Torra buru duen Kataluniako Gobernu berriarekin "zubiak erakiko dituela".

Rajoy gogor mintzatu zaio PSOEren hautagaiari, eta egotzi dio ez duela herritarren eta kongresuaren babesik; hortaz, ohartarazi dio ezin dela presidente izan. Sanchezek, aldiz, Espainiako presidenteari gogorarazi dio haren "erruz" aurkeztu dutela zentsura mozioa: "Dimitituko al duzu? Bai ala ez? Erabaki horrekin dena amai daiteke".

Gainontzeko indarrei begira, Sanchezek eskua luzatu die "garai politiko berri batean" sartzeko, eta Espainiako "instituzioak birsortzeko".

Podemosen babesa

Pablo Iglesias Unidos Podemoseko bozeramailea pozik agertu da, "duela urtebete ereindako haziaren" emaitza delakoan zentsura mozioaren arrakasta. Hala ere, kritiko azaldu da Sanchezekin: "Ezin duzu onartu ustelek zu umiliatzea. Espainiar guztien presidente izango zara, aurrerabide ortzimuga bat aurkeztu behar duzu. Espainiar guztien presidente izan nahi baduzu, ezin zara gaitzerdikoa izan". Galdegin dio erakusteko izan dezakeela PPrena baino gobernu sendoago bat: "84 diputaturekin, ezin da gobernatu gobernu akordiorik gabe. Izan XXI. mendeko lehen presidentea ulertzen dituenak Espainian izandako aldaketak".

Espainia "nazioanitza", "modernoa" eta "demokratikoa" posible dela nabarmendu du, eta dei egin du lan egitera horen alde: "Azkenean, PP etxera bidaliko dugu".

Ciudadanos, bozka eske

Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearen esanetan, Rajoyren agintaldia amaituta dago "ustelkeriaren ondorioz". Aldiz, Ciudadanosek ez du PSOEren zentsura mozioa babestuko. Riveraren esanetan, heuteskundeak deitzea da egoera politikoari erantzuteko neurri egokiena.

Ciudadanosek gatzetsi egin du alderdi independentisten babesarekin gobernatzeko aukera, eta Sanchezi "gobernu ahula" ez eratzeko eskatu dio, "Espainia hautsi nahi dutenek agindu ez dezaten". Hala, "espainiarrei ahotsa emateko" galdegin dio.

Riverak kezka agertu du Sanchezek zentsura mozioa babestearen truke alderdi abertzaleei eskaririk onartuko ote dien, eta aditzera eman du PSOEk Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan espetxeratutakoak indultatzea adostu duela. Katalunian eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan "konstituziotik kanpoko estatuturik" ere ez baimentzeko galdegin dio.

PSOEri eskatu bezala, Rajoyri ere hauteskundeetara deitzeko eskatu dio Riverak. "Irtenbide adostua" proposatu dio Ciudadanosek PPri, bozketarako data zehaztuta, Rajoyk dimititzea onartzen badu.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna