Zentsura mozioa

Independentisten eskariak beteko dituen argitzeko eskatu dio Rajoyk Sanchezi

Espainiako presidentearen iritziz, Sanchezek ezin du gobernuburu izan, ez duelako horretarako herritarren babesik. PSOEko buruak dimititu egin beharko lukeela erantzun du.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea, haren aurkako zentsura mozioaren eztabaidan, gaur, Espainiako Kongresuan. /
Mariano Rajoy Espainiako presidentea, haren aurkako zentsura mozioaren eztabaidan, gaur, Espainiako Kongresuan. / Juan Carlos Hidalgo/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko maiatzak 31

Mariano Rajoyk azalpenak eskatu dizkio Pedro Sanzhez PSOEko idazkari nagusiari. Zentsura mozioak Kongresuaren babesa lortzen badu eta Sanchez presidente izendatuz gero, gobernutik zein neurri bultzatuko dituen argitzeko exijitu dio. Zehazki, alderdi independentisten eskariak aintzat hartuko al dituen galdetu dio. 

Rajoyk Sanchezi eskatu dio autodeterminazio eskubidea aitortuko al duen argitzeko. Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan, fiskaltzari akusazioak erretiratzeko aginduko dion azaltzeko ere galdegin dio.

Bestalde, Rajoyk PSOEko buruari gogorarazi dio urtarrilean egindako elkarrizketa batean ziurtatu zuela berak ez lukeela "Espainia apurtu" nahi dutenen babesa onartuko zentsura mozio baterako. Emandako hitzari eutsiko al dion azaltzeko galdegin dio.

Sanchezek Kataluniako alderdi eta ordezkari independentistei buruz esandakoak ere ekarri ditu gogora. Horien artean, Sanchezek Quim Torra Kataluniako presidenteari buruz adierazitakoa: "Generalitatearen gidaritzan dagoen arrazista bat besterik ez da". Rajoyk nabarmendu duenez, ERCrengatik esan zuen "nola litekeen" Torraren ideia "supremazista eta arrazistak" babestea.

Hitz horien ostean, PSOEk Ciudadanosen babesarekin gobernatu beharko duela ondorioztatu du Rajoyk, ironiaz, eta gaineratu du berak ez dituela sekula gisa horretako adierazpenak egin Kataluniako independentistei buruz.

Bestalde, Espainia gobernatzeko zilegitasunik ez izatea leporatu dio presidenteak Sanchezi. PSOEko buruak presidente izateko herritarren babesik ez duela adierazi du Rajoyk. Sanchezek dimititzeko eskatu dionean, hark dimititu beharko lukeela erantzun dio. Rajoyk gaineratu du, "oraingoz", herritarren gehiengoaren eta Kongresuaren babesa dituela. "Ez zaizu zentzuzkoa iruditzen bi horietako bat galtzen dudanean dimititzea?", galdetu dio.

Rajoyk nabarmendu du azken bi hauteskunde orokorretan PP izan zela garaile, eta PSOEk historiako emaitzarik okerrenak jaso zituela. Beraz, Sanchezek ezin dio "dimisio leziorik" eman, Rajoyren esanetan. "Zuk dimititu beharko zenuke, era atzeraezinean".

PSOEren zentsura mozioa onartuko balitz, ez litzateke izango Rajoy halako neurri batekin gobernu batetik kenduko luketen lehen aldia. 1986an, Galiziako Gobernutik bota zuten zentsura mozio batekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna