Gipuzkoako aldundiak bidesarien epaiaren helegite iragarpena gauzatu du

Kamioiei A-15 eta N-1 errepideetan bidesariak kobratzea bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, Gipuzkoako garraiolariei "mesede" egiten diolakoan

Jon Urbe / Foku

Jon Ander De la Hoz -

2018ko maiatzak 31

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek gauzatu dute bidesarien epaiari helegitea jartzeko iragarpena. Hala jakinarazi du Fenadismer Espainiako garraiolarien patronalak, eta baieztatu egin du hori aldundiak. Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jarri aurretik egin beharreko izapidea da.

Fenadismerrek azaldu du Gorenean jarritako kasazio helegitea ez dela bigarren instatzian egindako apelazioa, tramitera onartua izateko "kasazio interes objektiboa justifikatu behar delako". Azken hori ez dagoela argi dio Fenadismerrek.

EAEko Auzitegi Nagusiak apirilean eman zuen Gipuzkoak N-1 eta A-15 errepideetan jarritako bidesariak bertan behera uzteko epaia. Epaiaren arabera, Idiazabal eta Andoain artean bidesaririk ez izateak Gipuzkoatik kanpoko kamioilariak diskriminatzen ditu. Aldundiak bidesariak kobratzen jarraitzen duenez, garraiolariek sententziaren exekuzio probisionala "aztertzea" eskatu diotela azaldu du Fedismarrek, eta azpimarratu du apirileko epaia "Europako araudian oinarritua" dagoela.

Aldundiak eta Batzar Nagusiek kasazio errekurtsoa prestatzeko epaia aurkeztu zuten herenegun EAEko Auzitegi Nagusian, eta Auzitegi Gorenak "gaia aztertu" dezan galdegin, "kasazio interesa duelako".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna