Korea

Bilera "positiboa" izan dute AEBek eta Ipar Koreak

Donald Trump AEBetako presidenteak erran du Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorenarekin egitekoa duen bilera prestatzeko elkarrizketak «ongi» doazela, hori bertan behera utziko zuela jakinarazi eta astebetera.

Mike Pompeo (ezkerrean) eta Kim Yong-chol (bizkarrez), gaur, New Yorken. ESTATU DEPARTAMENTUA/EFE
mikel rodriguez
2018ko maiatzaren 31
20:54
Entzun

Astebete nahikoa izan da zapuztua zirudien ilusioa berpizteko. Donald Trump AEBetako presidenteak eta Ipar Koreak erakutsi dute ezaugarri bat partekatzen dutela: jarrera aldakorra eta aurreikusteko zaila. Duela bi aste Piongiangek Seulekin egitekoa zuen bilera bat bertan behera utzi zuen, eta AEBen eta Hego Korearen aurkako erretorika gogorra berreskuratu zuen hainbat hilabeteren ondoren. Handik astebetera, Trumpek gutun bidez erran zion Kim Jong-uni bertan behera utziko zuela hil honen 12rako hitzartua zuten bilera. Gaur, ordea, guztiz bertzelako aldartea erakutsi du: «Ongi goaz, baina oraindik anitz dago egiteko».

Ipar Koreako ordezkaritza bat AEBetara ailegatu zen atzo, eta Trumpek erran du Kimen eskutitz bat emanen diotela bihar. «Eskutitzean zer erraten ote duen ikusteko zain nago». Kim Yong-chol Koreako Langileen Alderdiko zuzendaritzako kide eta zerbitzu sekretuen arduradun ohia da delegazioaren burua, eta Trumpek Etxe Zurian hartuko balu, historian bigarren aldia litzateke Ipar Koreako delegazio batek AEBetako presidentearen egoitza bisitatuko lukeela —Bill Clintonek Jo Myong-rok mariskala hartu zuen 2000. urtean—.

Azken egunotan areagotu egin dira alde guztien hartu-emanak, hondatzen ari zen egoera bideratzeko helburuarekin. Joan den larunbatean, Kimek eta Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak aitzinetik jakinarazi gabeko bilera bat egin zuten, eta Kim Yong-chol bi egunez jarraian elkartu da New Yorken Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariarekin. «Bilerak hagitz positiboak izan dira», erran du Trumpek.

Bi astez harremanak hondatuta

Ipar Koreak duela bi asteko haserrealdia justifikatu zuen AEBek eta Hego Koreak elkarrekin egin zituzten ariketa militar batzuengatik, eta bertan behera utzi zuen biharamunean Hego Korearekin egitekoa zuen bilera. Bihar, ordea, bi gobernuetako goi ordezkariak elkartzekoak dira mugako gune desmilitarizatuan. Gerrak (1950-1953) banatutako familien bilkurak, garraio proiektuak eta harreman komertzialak dituzte eztabaidagai, bertzeak bertze.

Gatazkan zerikusia duten bertze herrialdeekin ere bilerak egin ditu Ipar Koreak. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Piongiangen izan da gaur, eta Moskura joateko gonbidapena egin dio Kimi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.