Zentsura mozioa

Kongresuak Rajoy kendu eta Sanchez jarri du presidente

PSOEko idazkari nagusiak 180 boto jaso ditu Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioan; tartean, iragarri bezala, EAJrenak eta EH Bildurenak. UPNk PPrekin eta Ciudadanosekin bozkatu du zentsura mozioaren kontra.

Pedro Sanchez eta Margarita Robles, Kongresuan. /
Pedro Sanchez eta Margarita Robles, Kongresuan. / J.J. Guillen/EFE

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko ekainak 1

Astebete pasatxo soilik behar izan du Pedro Sanchezek itzaletik Moncloara iristeko, eta, hala, Mariano Rajoyk gaur amaitu du zazpi urteko agintaldia; amaiarazi egin diote, Espainiako Kongresuak bota egin baitu gobernuko presidentetzatik zentsura mozio baten bidez. Azkar gertatu dira gauzak azken egunetan. Rajoyk bideratua zuen legegintzaldia maiatzaren 23an: EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak onartzea erabaki zuen, eta PPk arnasa hartu zuen. Biharamunean, ordea, duela zortzi egun, Gurtel auziaren epaiak PPren oinarriak astindu zituen, eta lurrikara horrek bota du Rajoy. Pedro Sanchezek gaur zortzi aurkeztu zuen zentsura mozioa, eta hasieran batzuentzat burugabekeria bat zena egia da orain: Espainako Kongresuak Mariano Rajoy bota du Espainiako Gobernuaren presidentzatik, eta Pedro Sanchez aukeratu du presidente (zuzeneko kontakizuna).

Ezustekorik ez da izan bozketan. PSOE (84), Unidos Podemos (67), ERC (9), PDeCAT (8), EAJ (5) eta Compromisen (4) babesa behar zuen Sanchezek 177 boto bildu (beharrezkoak 176 ziren) eta Moncloara iristeko, eta, azkenean, 180 izan ditu. EH Bildu (2) eta Nueva Canarias (1) gehitu zaizkie. Ciudadanosek (32), Foro Asturiasek (1) eta UPNk (2) zentsura mozioaren aurka bozkatu dute, PPrekin (134) batera. Coalicion Canaria (1) abstenitu egin da. Rajoy da, beraz, Espainian zentsura mozio batekin gobernutik kendu duten lehen presidentea, eta Sanchez, era horretan Moncloara iristen lehena. Gainera, diputatu ez den lehen presidentea ere izango da Sanchez, parlamentari kargua utzi baitzuen PSOEn 2016an izan zen krisiaren ondoren. Zazpigarren presidentea izango da frankismoaz geroztik.

Botere aldaketa bizkorra

Aldaketa berehalakoa da. Bozketaren ondoren, Ana Pastor Kongresuko presidenteak Rajoyri eta Felipe Borboikoa Espainiako erregeari jakinaraziko die ofizialki zein izan den emaitza, eta botere aldaketa azkar egingo da. Pastor 15:30ean joango da erregearengana. Rajoyk asteburua izango du Moncloako bere bizitokia eta bulegoa uzteko. Gaur goizeko hamarrak pasatuta iritsi da Kongresura. Atzo egin zuen bezala, ez da han izan alderdiek zentsura mozioa eztabaidatzen zuten bitartean. PPko bozeramaileak hitz egin ondoren iritsi da, eta agurtzeko hartu du hitza, tarte labur batez. Esan du ohore bat izan dela, eta zoriondu egin du Sanchez. Gero, eten bat egin dute Kongresuan; 11:00etan hasi da bozketa, eta 11:30ean amaitu.

Pastorrek bozketaren emaitza jakinarazi eta berehala, Rajoyk aurrez aurre zoriondu du Sanchez. Hori egin eta alde egin du Kongresutik. Sanchezek diputatu askoren zorionak jaso ditu ondoren. "Bai, ahal da" oihuak entzun dira orduan ganberan. Sanchezek esana du ez duela minutu bakar bat ere galdu nahi, eta litekeena da gaur zortzi egitea ministro kontseiluaren lehen bilera. Espainiako erregeak gaur sinatuko du Sanchezen izendapena, eta litekeena da bihar hartzea kargua, Kongresuaren erabakia Espainiako aldizkari ofizialean argitaratu ondoren. Orduan jakingo da noiz hartuko duten kargua ministroek. Ministroak izendatu eta gobernua asteburuan osatzeko asmoa du Sanchezek. PSOEk zazpi urteren ondoren berreskuratu du Espainiako presidentetza.

Hirugarren presidente sozialista

PSOEko hirugarren presidentea da Sanchez. Felipe Gonzalez hamabi urtez izan zen Moncloan, 1982ko hauteskundeak irabazi zituenetik Jose Maria Aznar PPko presidenteak 1996ko bozetan irabazi zuen arte. Aipatzekoa da, Gonzalez alde batera utzita, bai Jose Luis Rodriguez Zapatero eta bai Pedro Sanchez testuinguru berezi batean iritsi direla Moncloara. Zapaterok ezustean irabazi zituen 2004ko hauteskundeak, Rajoyren kontra hain zuzen, lau egun lehenago zenbait atentatu jihadistak Espainia astintu ondoren. 193 pertsona hil ziren Madrilen martxoaren 11n izan ziren eraso horietan, eta hautesleek Aznarren politikekin lotu zituzten, George W. Bush eta Tony Blairrekin Azoreetako argazkian egoteak islamisten jomugan jarri baitzuen Espainia. Gerrari ez leloa oso zabalduta zegoen orduan, eta espainiarrak ozen mobilizatu ziren PPren gobernuaren aurka. Aznar zigortzeko bozkatu zuten askok 2004ko martxoaren 14an Zapateroren alde. Kosta egin zitzaion PPri emaitza horiek barneratzea, eta 2008an Zapaterok karguari eutsi zion, orduan ere Rajoyri irabazita bozetan.

Pedro Sanchez ere egoera berezi batean iritsi da Moncloara, Zapatero bezala, ezustean. Ustelkeria kasuek eta gerra zikinak Gonzalezen agintaldia baldintzatu zuten modu berean baldintzatu du Gurtel auziak Rajoyren agintaldiaren amaiera. Baina, haren kasuan, istantean izan da. Ikusteko dago orain legegintzaldiak zenbat iraungo duen eta nola gobernatuko duen Sanchezek. EAJ, ERC eta PDeCATen babesa ezinbestekoa izan du zentsura mozioaren bozketan. Bezperan, aurrekontuak errespetatuko zituela adierazi zion EAJri, eta alderdi katalanei elkarrizketarako deia egin zien. Mezu horiekin jaso du babesa Sanchezek, baina PSOEk 84 diputatu besterik ez duela gobernatu beharko du.

Agintaldiaren iraupena ere erronka izango du

Legegintzaldi motza iragartzen dute askok. Ciudadanosek gaur berriro eskatu du herritarrak bozetara deitzeko, aparretan dagoelako inkestetan, baina litekeena da Sanchezi babesa eman diotenek hauteskunde horiek atzeratzea. Sanchezek Kataluniako prozesua kudeatu beharko du datozen hilabeteetan. Euskal Herrian, berriz, ETAk bere ibilbidea amaituta, batetik gatazkaren ondorioei heldu beharko die, presoen egoera batez ere, eta, bestetik, Eusko Legebiltzarrean artikulatzen ari den estatutu berriari. Sanchezek iragarria du EAJ izango dela lehenetsiko duen alderdia gobernatzeko, eta gogoratu behar da jeltzaleek eta PSE-EEk urteak daramatzatela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egonkortasun akordio batekin.

Nafarroaren kasuan, ikusteko dago Sanchez Moncloan egoteak nola eragin diezaiokeen PSNri. Datorren urtean egingo dira Nafarroako presidentetzarako hauteskundeak, eta atzoko eztabaidan Sanchezek hala esan zion Iñigo Alli UPNkoari: "Guk beti defendatuko ditugu gobernu progresistak, eta ez zurea bezalako alderdi batenak". Gauza bat hitzak dira, ordea, eta beste bat, ekintzak edo iragana. Jakina da Nafarroa estatu auzia dela Espainiarentzat, eta PSOEk hala jokatu du azken urteetan. Rajoyren aroa amaitu da, beraz, baina Sanchezen presidentetzak erantzunik ez duten galderak uzten ditu oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna