ETB

'La víctima número 8' telesailaren grabazioak astelehenean hasiko dituzte, Bilbon

ETB eta Telemadrid telebista kateen eta Mediapro eta K2000 ekoizpen etxeen artean ekoitziko dute. Zortzi atal izango dira, gaztelaniaz.

Itziar Lazkano izango da telesaileko aktoreetako bat
Itziar Lazkano izango da telesaileko aktoreetako bat Aritz Loiola / Foku

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 1

ETBk azkeneko bi urteetan grabatu duen telesail bakarra Go!azen izan da, neska-mutikoei zuzendua. Gaztelaniazko telesail bat ekoizteari ekin dio orain, Telemadridekin, Mediaprorekin eta K2000rekin batera. Istorioaren abiapuntuan, atentatu jihadista bat gertatuko da Bilboko Alde Zaharrean. Erasoak pertsonaia protagonistengan duen eragina jasoko dute, atalez atal.

Thriller generoko telesailtzat jo dute. "Biktimak eta borreroak izango dira telesailaren protagonista", iragarri du ETBk. Polizia ikerketaren helburua erasoaren arduradunak atzematea eta galderak erantzutea izango da. Bilbon eta Madrilen grabatuko dituzte zortzi ataletako sekuentzia guztiak.

Aktoreak honako hauek izango dira: Cesar Mateo, Maria de Nati, Veronika Moral, Marcial Alvarez, Farah Amed, Lisi Linder, Iñaki Ardanaz, Oscar Zafra, Alfonso Torregrosa, Itziar Lazkano, Khaled Kouka, Moussa Echarif, Jesus Ruyman eta Itziar Aizpuru; eta Son Khoury, Youssef Bougarouame eta Auritz Salterain haurrak.

Vis a Vis eta La casa de papel telesail arrakastatsuen sormen taldeak idatzi eta zuzenduko du La victima número 8. Ekoizle eragilea Marc Cistare da.

Edu Barinaga ETBko zuzendariak hala esan zion BERRIAri telesailaren inguruan otsailaren 17an: "Gu ez gara fikzio horren bila ibili: bidean sortu da. Mediaprok proposamena egin zuen; TeleMadridek ez zuen baldintzarik jarri, eta berdin zaie Euskal Herrian grabatzea. Faktura handiko telesail bat egin ahal izango dugu. Atal bakoitzak 200.000 euro baino gehiagoko kostua izango du". Barinagak elkarrizketa berean iragarri zuen euskarazko telesail berri bat egingo dutela datozen hilabeteetan. "Aurtengo udazkenean edo, askoz jota, 2019aren hasieran hasiko gara grabatzen".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna