Katalunia

155.ari amaiera jarri dio Kataluniako Gobernuaren eratzeak

Kataluniako Gobernuko kontseilariek beren karguak hartu dituzte, partaideak hainbatetan hunkitu dituen ekitaldian. Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auziarengatik preso edo erbestean direnen senideak protagonista izan dira.

Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentea eta Elsa Artadi Presidentetza kontseilaria, gaur, Kataluniako Gobernuaren eratze ekitaldian. /
Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentea eta Elsa Artadi Presidentetza kontseilaria, gaur, Kataluniako Gobernuaren eratze ekitaldian. / Toni Albir/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko ekainak 2

Osatu da Kataluniako Gobernua, eta eratzearekin batera, indargabetuta gelditu da, automatikoki, 155. artikuluaren eragina; hura ezarri zuenean Espainiak hala gertatuko zela zehaztu zuen eta. Ekitaldian, nabarmen hunkitu dira parte hartzaileetako asko, horien artean, Quim Torra Kataluniako presidentea, hark izendatutako kontseilariak eta Kataluniako prozesu subiranistaren auzian espetxeratutakoen eta erbesteratuen senideak. Azken horiek protagonista izan dira. Torrak "gobernutik gobernura" negoziatzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatu berriari.

Txalo artean hartu ditu Generalitateko jauregiko aretoak Torra eta Josep Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea. Zain zituzten gobernuko kontseilari izendatuak. Kontseilarien ondoan, aulki bat hutsik, xingola hori batekin. Haien atzeko lerroan kokatu dira Artur Mas, Jose Montilla eta Pasqual Maragall Kataluniako presidenteordeak.

Hainbat minututako txalo zaparradarekin hartu ditu aretoak Kataluniako prozesu subiranistaren auzian espetxeratutakoen eta erbesteratuen senideak. “Askatasuna” oihukatu dute ekitaldiko partaideek, segidan.

Gobernuko kontseilariek kargua hartu aurretik, hitza hartu dute Torrak kontseilari izendatu zituen eta erbestean eta espetxean direnen senideek. Karguari uko egiten diotela jakinarazi diote presidenteari, eta Kataluniak bizi duen egoera politikoa salatu dute. Preso eta erbesteratuen eskutitzek hainbatetan hunkitu dituzte aretoan zirenak, Kataluniako agintariak barne.

Preso edo erbestean direnak kontseilari izendatzeko ezintasunaren aurrean, beste kontseilari batzuk izendatu ditu Torrak, haien ordez. Izan ere, Espainiako Gobernuak uko egin dio kontseilariak izendatzeko Torrak onartu zuen dekretua Generalitateko Egunkari Ofizialean argitaratzeari. Hori dela eta, Kataluniako presidenteak kereila aurkeztu du Mariano Rajoy Espainiako presidenteordearen eta haren presidenteorde izan den Soraya Saenz de Santamariaren aurka, Auzitegi Gorenean, prebarikazio delitua leporatuta.

Torrak bere gobernuko lehentasun izango direnak zerrendatu ditu, kontseilariek karguak hartu ostean: gobernu "zilegiaren" itzultzea, Kataluniako Errepublika eraikitzea eta Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa sustatzea. Azken horri dagokionez, "mahai berean" esertzeko eskatu dio Torrak Sanchezi, eta "gobernutik gobernura" negoziatu dezala Generalitatearekin. "Har ditzagun arriskuak", zuzendu zaio Espainiako presidenteari.

155 artikulua indargabetzearen garrantzia nabarmendu du Kataluniako presidenteak, "euforiarik gabe", adierazi duenez, Kataluniak oraindik gobernuak nahi duen tokitik "oso urrun" dagoelako. Torrak iragarri du gobernuak hartuko duen lehen neurrien artean izango dela 155aren eragina itzularazteko plan bat abian jartzea.

Era berean, Kataluniako erakundeek onartu eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu dituen "lege eta neurri sozialak" berrezartzeko plan bat onartuko duela ere aurreratu du. Torraren esanetan, Kataluniako Errepublikak "herritar guztientzako eskubide sozialen berme" izan behar du. "Errepublika guztiontzako etxea izango da", adierazi du.

"Badugu agindu errepublikar eta demokratiko bat bete beharrekoa. Ekin diezaiogun lanari", zuzendu zaie presidentea bere gobernuko kideei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna