BERRIA TALDEA

Indarberritze hotsak BERRIAko akziodunen batzarrean

Hamabosgarren urteurrena du euskarazko egunkariak, eta hori aurrerapauso bat emateko baliatu nahi dute. Iazko urtea galerarik gabe amaitu zuen taldeak.

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko ekainak 2

Hilabete honetan bertan, ekainaren 20an, hamabost urte beteko ditu BERRIAk. Urteurren hori eta horren bueltan martxan diren egitasmoak izan dituzte hizpide BERRIAko akziodunen batzarrean. Iazko urtea galerarik gabe bukatu zuen BERRIA Taldeak.

Urteurrenaren bueltan, aurrera begirako egitasmoa aztertzen ari da taldea, euskarazko komunikazio esparruan beste pauso bat eman nahian. Hiru ardatz nagusitan ari da lanean. Batetik, gogoeta bat hasi du BERRIAren etorkizuna aztertzeko eta produktuetan aurrerapauso bat emateko. Bigarrenik, aztertzen ari dira euskarazko hedabideek nolako babes publikoa eduki behar duten; mahai bat osatua dute Hekimen hedabide elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hirugarrenik, komunitatea indartzea: ia 14.000 BERRIAlagun ziren iazko urte amaieran, eta aurten beste koska bat egin da gora. Hiru ardatz, hamabosgarren urteurrena bultzagarri izan dadin.

BERRIA Berri taldea osatu zuten udazkenean, eta Geroa zugan leloarekin ari dira BERRIA babesteko mezua zabaltzen. Mezua, batetik, herritarrei, BERRIAren edukietara jotzen dutenei, batez ere Interneten: eduki horiek sortzeak kostua daukala, eta bat egin dezatela babes ekonomikoa emanez. Mezua, bestetik, administrazioari, euskarazko egunkariari babes sendoagoa eman diezaioten. Azken urteak gogorrak izan direla aitortu du Beatriz Zabalondo lehendakariak, baina aldaketa hotsak nabari ditu: “Uste dugu gauzak aldatzeko bidean daudela datozen urteetarako, beste haize batek joko duela. Agertoki berri baterantz goaz”.

BERRIA Taldeko administrazio kontseiluan aldaketak egin dituzte. Ohitura da karguan bost urte egin eta gero lekukoa pasatzea, eta, beraz, agintaldia amaitu dute Gartzen Garaiok, Pilar Kaltzadak eta Idurre Maortuak. Oroigarri bat eman diete batzarrean, urteotan egindako lana eskertzeko. Beste hiru lagun sartu dira administrazio kontseiluan: Erika Lagoma, Txema Ramirez de la Piscina eta Idoia Torregarai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna