ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Giza kateko izen emate "masiborako" asteburua

2014ko mobilizazioaren antzeko kopuruetan dabiltza, ekainaren 10erako astebete falta dela.

Giza katerako materiala saltzen aritu dira Eskoriatzan. @GED_ESKORIATZA
enekoitz esnaola
2018ko ekainaren 2a
14:04
Entzun

Oraingoz, duela lau urteko giza kate arrakastatsuaren antzeko zenbakitan doa Gure Esku Dago gaur zortzirako: 2014an, hitzordurako hamar egun falta zirela, 50.000 laguneko langa gainditu berri zuten, eta orain –joan den asteazkeneko datua da—, 50.000 pasatxoan doaz, Angel Oiarbide dinamikako eledunak BERRIAri jakinarazi dionez. Aurreko giza katea 123 kilometrokoa izan zen, eta, antolatzaileen arabera, 50.000 herritarrekin osatuko zen, zapiak tarteko; 150.000 lagun bildu ziren Durango-Iruñea ibilbidean. Hilaren 10ekoa —Donostia-Bilbo-Gasteiz—, 202 kilometrokoa izango da, eta, zapiak jende artean direla, gutxienez ehun mila lagun behar dituztela adierazi du Gure Esku Dago-k.

Aste bukaera hau funtsezkotzat jo du Oiarbidek, izen-ematea "masiboa" izan dadin baliatu nahi dutelako. "Deialdi berezia egiten dugu jendeak izena eman dezan". Datorren astearen hasieran momentuko egoera azalduko dute, mobilizazioari azkeneko bultzada emateko asmoz. Gainera, eragile desberdinen atxikimenduak jasotzen segituko dute.

2014ko ekainaren 8ko giza katerako jende kopurua zehaztean, garai hartako "termometroak ematen zuen tenperatura" hartu zuten kontuan, Oiarbidean esanetan: "50.000koa, ez haren bikoitza, orain bezala. Katalanak hasiak ziren euren etorkizunaz protagonista sentitzen. Hemen, aldiz, sentsibilitate desberdineko jendeak ezin zuen elkarrekin pausorik eman". Uste du mobilizazioa hain ongi atera izana oso garrantzitsua izan zela."Eskemak puskatzen hasi ginen".

Ia 80 kilometro gehiago

Ordukoak baino zailtasun handiagoa du oraingo giza kateak, ez jende kopuru aldetik bakarrik: ia 80 kilometroko gehiago ditu ibilbideak, eta bete egin behar, hutsunerik egon ez dadin. "Hiriburuetan eta hiriguneetan errazagoa izango da kilometroak betetzea, jakina. Baina duela lau hilabetetik kilometro bakoitzak bere arduraduna du, eta 500 lagun dabiltza dena antolatzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.