MANIFESTAZIOA

Milaka pertsona batu dira euskararen kontrako manifestaziora

15.000 lagun izan dira manifestazioan, Iruñeko Udaltzaingoaren arabera. Antolatzaileek 30.000 zenbatu dituzte.

UPN, PP, Ciudadanos eta Vox alderdietako ordezkariak, manifestazioaren pankartari eusten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ion Orzaiz.
2018ko ekainaren 2a
20:14
Entzun

"Euskararen kontrakoa ez, Nafarroako Gobernuak ezarritako hizkuntza politikaren eta euskararen inposizioaren aurkako manifestazioa da hau", azpimarratu dute Ricardo Gelbentzu eta Pachi Mendiburu antolatzaileek behin eta berriz. Eta hala ere, euskararen kontrako oihuak izan dira ohikoenak: "En la Ribera no hablamos euskera" (Erriberan ez dugu euskaraz hitz egiten), "En Navarra se habla castellano" (Nafarroan gaztelaniaz hitz egiten da) eta "Medicos buenos, el euskera es lo de menos" (mediku onak, euskara gutxienekoa da), besteak beste.

UPN, PP, Ciudadanos eta Vox alderdietako ordezkariek eraman dute pankarta: Javier Esparza, Ana Beltran eta Carlos Perez Nievas, besteak beste. PSNk ere ordezkaritza igorri du, baina ez dira izan lehen lerroko politikariak, eta atzealdean ibili dira une oro.

Iaz bezala, ibilbide laburra egin dute manifestariek, etorbide handiak saihestuta: Nafarroako Parlamentuaren aurrealdetik abiatu da manifestazioa, eta Oliveto Kondearen kaletik itzulia eginda, Karlos III etorbidean bukatu da martxa, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean.

Tentsio uneak izan dira, manifestazioa autobus geltoki paretik igaro denean. Alternatiben Herriko guneetako bat dago han, eta bertan ziren pertsona batzuk "Euskal Herrian euskaraz" abesten hasi dira. Oldarkor erantzun diete manifestariek, oihuka: "Viva España", "feminazis", "terroristak" eta "hitz egin espainolez" oihukatu diete, besteak beste. Aterkiarekin edota Espainiako banderarekin kolpeka hasteko imintzioa egin du batek baino gehiagok.

Espainiako Polizia heldu da Alternatiben Herriaren gunera, eta geltoki barrura sartu dira poliziak. Han dagoen jolastokia haurrez betea zegoen une horretan. Alternatiben Herriko afixak zeramatzaten hainbat pertsona identifikatu dituzte poliziek, eta argazkiak egin dizkiete afixei. Ipar Euskal Herriko gizon bati mehatxu egin diote: "Kartel horiek aterata, probokatzen ari zara, eta zure familiaren aurrean atxilo eramanen zaitut, hori nahi duzu?", esan dio polizia batek.

Istiluak gorabehera, gutxi iraun du manifestazioak. Bukaeran, agiria irakurri du Gelbentzuk. Esan du Barkosen gobernuak "gehiengoa diskriminatzen duela", euskararen aldeko neurriak ezarrita. Euskararen alde daudela ere berretsi dute, "eta horren froga gisa, hitz batzuk euskaraz esanen ditugu". Bertaratutako batzuek txistu egin dute, hori aditzean.

Horren ostean, bukatutzat jo dute manifestazioa: "Bagoaz etxera, futbola ikusi nahi dugu eta!", esan du Mendiburuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.