Langabezia

Langabeziak behera egin du maiatzean ere Hegoaldean

Iazko urteko maiatzaren aldean, %9 inguru murriztu da langabezia. 156.137 langabe daude egun Hego Euskal Herrian.

Iñigo Uriz/FOKU

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko ekainak 4

Beheranzko joerari eutsi dio langabeziak maiatzean ere. Espainiako Lan eta Gizarte Segurantzarako Ministerioak zabaldu duenez, 3.286 langabe gutxiago daude joan den hilabeteaz geroztik Hego Euskal Herrian. Iazko maiatzarekin alderatuta ere nabarmena da beherakada; izan ere, langabeziak %7 eta %9 artean egin du behera lurralde guztietan.

Sektore guztietan jaitsi da langabe kopurua, baina zerbitzuetan izan da murrizketa handiena, 2.165 langabe gutxiagorekin. Nekazaritzan, 444 langabe gutxiago izan dira apirilean; eraikuntzan, 407 gutxiago; eta industrian, 368 lagun gutxiago.

Herrialdeka, Bizkaian jaitsi da gehien langabeen kopurua, 1.419. Nafarroan ere jaitsiera antzekoa izan da: 1.183 langabe gutxiago daude maiatzaz geroztik. Apalagoa izan da beherakada beste bi lurraldeetan: 409 Gipuzkoan, eta 275 Araban.

Gizarte Segurantzari dagokionez, berriz, maiatzean gora egin du afiliazioak, eta 11.056 gehiago dira egun. Nafarroan, %1,61 hazi da afiliazioa apirilarekin alderatuta; %1,10 Araban; %0,70 Bizkaian; eta %0,49 Gipuzkoan.

Maiatzeko datuen irakurketa baikorra egin du Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak, baina ohartarazi du langabeziak oraindik ere gehiago eragiten diela emakumeei: "Zerbitzuen alorrean lan egiten duten 25 eta 44 urte arteko gizonezkoak dira lan eskaintza gehien jasotzen dutenak".

Datuak:

Araba: 19.901 langabe. Apirilarekiko: -275 (%-1,36). Iazko maiatzarekiko: -1.709 (%-7,91).

Bizkaia: 70.549 langabe. Apirilarekiko: -1.419 (%-1,97). Iazko maiatzarekiko: -6.232(%-8,12).

Gipuzkoa: 32.351 langabe. Apirilarekiko: -409 (%1,25). Iazko maiatzarekiko: -3.494 (%-9,75).

Nafarroa: 33.336 langabe. Apirilarekiko: -1.183 (%3,43). Iazko maiatzarekiko: -3.437 (%-9,35).

Hego Euskal Herria: 156.137 langabe. Apirilarekiko: -3.286. Iazko maiatzarekiko: -14.872.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna