gobernu aldaketa Espainian

PPk bere aurrekontuak aldatuko ditu Senatuan

Rafael Hernandok jakinarazi du "eskuak libre" dituztela orain lehen EAJren babesa ez galtzeko egin ezin zituzten aldaketak egiteko. Aitor Estebanek erantzun dio horrek kalte egingo liokeela euskal gizarteari.

Carlos Hernando PPko bozeramailea Kongresuan, ostiralean zentsura mozioan. /
Carlos Hernando PPko bozeramailea Kongresuan, ostiralean zentsura mozioan. / Javier Lizon/EFE

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko ekainak 4

Atzo Andrea Levy PPko kideak aurreratu zuena baieztatu du gaur Rafael Hernando PPko bozeramaileak. Espainiako telebista kate batean egin dioten elkarrizketan esan du PPk Mariano Rajoyren gobernuak prestatutako aurrekontuak aldatuko dituela Espainiako Senatuan zuzenketak aurkeztuz, "hobetzeko". Hernandoren ustez, jeltzaleek PPrekin zuten konfiantzazko harremana hautsi zuten ostiralean Rajoyren kontra bozkatuta, eta adierazi du orain "eskuak libre" dituztela lehen, aurrekontuek EAJrekin babesa jaso zezaten, hartu ezin izan zituzten erabakiak hartzeko. Ez du aurreratu, hala ere, zer aldatuko duten, eta datozen egunetan erabakiko dutela esan du.

Hernandok azpimarratu du, gainera, ez dutela ukituko EAJrekin adostutako pentsioen igoera. Modu horretan, uler daiteke adostu zituzten gainontzeko diru zatiak aztergai izan litezkeela. PPk gehiengo osoa du Senatuan, eta erabakitzen duena edozer izanda ere aurrera aterako dira zuzenketak. Berez, ezer aldatuko ez balitz automatikoki onartuta geratuko lirateke aurrekontuak, beste tramiterik gabe. Zuzentzen badituzte, ordea, Kongresura itzuliko dira, eta ikusteko dago zer gertatuko den hor.

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak berehala erantzun dio Hernandori. Estebanek esan du ulertzen duela PPren haserrea, baina EAJk jakin duela une bakoitzean non egon behar duen, eta egoera ulertu ez duena PP izan dela. Aurrekontuetan EAJrekin adostutako diru zatiak aldatzeak soilik "euskal gizarteari" kalte egingo liokeela gaineratu du Estebanek, eta horrek "are eta gehiago urrunduko luke PP euskal gizartetik".

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ere hitz egin du PPk duen aukera horretaz —Hernandok hitz egin baino lehen—, eta esan du espero duela PPk aurrekontuak ez aldatzea "mendeku" gisara, kasu horretan "zaplaztekoa euskal gizarteak" emango diolako. "Ulertzen dut PP haserre egotea gurekin. Ez dugu arazorik eurekin hitz egiteko eurek ere autokritika egin beharko dutelako, nola iritsi diren egoera honetara, zeren eta politikan mendekua ez da erraminta on bat izaten", esan du Ortuzarrek Onda Vascan.

Aldatzen badituzte, berriro Kongresura

Pedro Sanchezek jeltzaleen botoa jasotzeko esan zuen errespetatu egingo zituela PPk EAJrekin adostutako diru zatiak. Baina PSOEk ez du gehiengorik Kongresuan ezer aldatzeko, eta zail izango du gehiengo bat osatzea EAJk PPrekin adostutako diru zati horiek onartzeko. Senatuan egindako aldaketak babestu edo atzera bota beharko ditu Kongresuak. Atzera botatzen badituzte, beste gehiengo bat beharko dute zuzenketak egin aurreko kontuak aurrera ateratzeko berriro. Eta Sanchezek ostiralean botoa eman zioten batzuen traba izan dezake hor.

PSOEk, Unidos Podemosek, ERCk, PDeCATek, EAJk, Compromisek, EH Bilduk eta Nueva Canariak bozkatu zuten Rajoy bota eta Sanchez presidente izendatzearen alde. Orain arte, Unidos Podemos aurrekontu horien aurka agertu da irmo. Senatuan egindako zuzenketak ez badituzte Kongresuan onartzen, aurrekontuak luzatu beharko ditu Sanchezek.

Asteburuan jakin da PPko zenbait senatarik kendu egin nahi dituztela EAJrekin aurrekontuetan adostatutako diru zatiak. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, haserre daude uste dutelako EAJk Rajoyrekin aurrekontuetarako zuen konpromisoa hautsi zuela joan den ostiralean Pedro Sanchezen zentsura mozioaren alde bozkatuta.

Sanchezen lehen ekitaldi ofiziala, gaur

Pedro Sanchezek gaur lehen ekitaldi ofiziala egin du. Petro Poroxenko Ukrainako presidentea hartu du Moncloa jauregian. Berez, Rajoyren agendan zegoen ekitaldi bat da, baina, ostiralean presidentetza galdu ondoren, mantendu egin dute. Bere gobernuko ministroak zeintzuk izango diren erabakitzeko lanetan da Sanchez. Oraingoz, Rajoyren ministroak jardunean daude karguan, eta litekeena da astearen erdirako izendatzea Sanchezek bereak. Hala, ostiral honetan bertan lehen ministro kontseiluko bilera egingo lukete.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna