Polizia operazioa Altsasun

Epaileak espetxera bidali ditu goizean Altsasun atxilotutako lau gazteak

Guardia Zibilak Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea atzeman ditu gaur goizean, "ihes egiteko arriskua" argudiatuta. Bidegabekeria salatu dute gurasoek. Iluntzean manifestazioak egin dituzte atxiloketak salatzeko.

Berria -

2018ko ekainak 5

Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea atxilotu eta Madrilera eramateko agindu dio Auzitegi Nazionaleko epaileak Guardia Zibilari. 16:00 inguru zirenean heldu dira hara lau gazteak. Jose Perals fiskalak laurak bermerik gabe espetxera bidaltzeko eskatu dio epaileari, "ihes egiteko arrrisku handia" dagoela argudiatuta. Defentsako abokatuek ukatu dute halakorik, eta gogorarazi dute auzipetuek ez dutela ihes egiteko ahaleginik egin beren aurkako zigor eskariak handiagoak zirenean ere.

Epaileak, ordea, bat egin du fiskaltzaren eskaerarekin eta kartzelara bidaltzeko agindu du, bermerik ezarri gabe. Haien aurkako epaia ez da oraindik behin betikoa, eta abokatuek aurreratu dute helegitea aurkeztuko dutela. Gazteek, ordea, preso egon beharko dute Gorenak azken erabakia hartu bitartean.

Oihan Arnanz, Adur Ramirez eta Jokin Unamuno dagoeneko preso daude —hamabi eta hamahiruna urteko zigorrak ezarri dizkie auzitegiak. Ainara Urkijori bi urteko zigorra ezarri zioten, eta, beraz, ez du kartzelara joan beharko.  

Herria guardia zibilez beteta aurkitu dute altsasuarrek gaur goizean. Auzitegi Nazionalak Altsasu auziaren epaian zigortu eta aske ziren gazteak atxilotu ditu Guardia Zibilak. Gazteak epaitu dituzten magistratuek eman dute atxilotze agindua, eta atxilotuak Madrilera eraman ditu Poliziak. Hainbat herritarrek elkarretaratze bat egin dute eguerdi partean. Gurasoek, berriz, kalera irteteko deia egin diete herritarrei arratsaldean egin duten agerraldian.

Guardia Zibila atxiloketengatik protestan ari ziren herritarrei oldartu zaie.

Hona Iñaki Abadek bere burua entregatu duen unea.

Amaia Amalibia Jon Ander Coben amak Guaixe tokiko hedabideari azaldu dionez, Auzitegi Nazionalean saio bat egiteko joan da Guardia Zibila Altsasuko lau gazteen bila. Saio horretan, espetxera bidaliko dituzten ala ez jakinaraziko die auzitegiak. Amalibiak salatu du hori bera zitazio baten bidez egin zitekeela, eta ez zutela zertan polizia operazio bat egin.

Amalibiak azaldu du atzotik hasi zirela poliziaren presentzia nabarmena sumatzen herrian. Haren esanetan, korrika egitera joan zen gazte bati ondoan segika jarri zitzaizkion bi gizon, eta bere semeak ere inguruan gizon batzuk segika zituela atzeman zuen.

Antzera mintzatu da Bel Pozueta Adur Ramirez de Alda auzipetuaren ama. Gurasoek atzo bilera egin zuten, eta ohartu ziren poliziak grabatzen ari zitzaizkiela.

Gaur goizean, etxeko atariaren parean, auto bat ikusi du geldituta Amalibiak, anbulantziak aparkatu ohi duen tokiak. "Zuzenean galdetu diet ea zer nahi zuten". Azaldu duenez, une horretan poliziak agintariekin jarri dira harremanetan, eta berehala agertu dira guardia zibil gehiago Altsasun.

Pozuetak nabarmendu du sententzia ez dela irmoa oraindik, eta, beraz, atxiloketak ez direla bidezko. "Zergatik egin dituzte orain? Mendekuzko polizia operazio bat da".

Pozuetak uste du gaur atxilotutako gazteak espetxeratu egingo dituztela . Azaldu duenez, motxila bat prestatzeko eskatu die Poliziak, arropa batzuekin, nortasun agiriarekin eta osasun txartelarekin.

Atxiloketen ostean, institutu kanpoko aldean eserita zeuden hamar bat gazte identifikatu ditu Guardia Zibilak. 

Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz auzipetuek urte eta erdi baino gehiago daramate espetxean. Auzian zigortua izan den Ainara Urkijo ez dute atxilotu. Urkojiori bi urteko espetxea ezarri zioten. Zigor handiagoak ezarri dizkiete gainontzekoei. Hamahiru urtekoa Oihan Arnanzi eta Iñaki Abadi; hamabi urtekoa Jokin Unamunori eta Adur Ramirez de Aldari, eta bederatzi urtekoa Jon Ander Cobi, Aratz Urruzolari eta Julen Goikoetxeari.

Epaia ez da irmoa oraindik, eta defentsak ebazpenaren kontrako helegitea jarriko duela iragarria du; haren esanetan, "erabat ideologikoak" baitira epaileek erabilitako irizpideak.

Zigortutako gazteen gurasoek salatu dute epaia "mendeku politikoa" izan dela eta mobilizaziora deitu dute. Manifestazioa egingo dute hilaren 16an, Iruñean.

Auzitegiak ezarritako zigorrak "neurri gabeak" direla adierazi zuen, atzo, Nafarroako Parlamentuak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna