Errefuxiatuak

41 saharar atxilotu dituzte Biriatu eta Hendaia artean

Astelehen goizaldean zituzten atxilotu, "iruzur" egitea leporatuta. Espainiako Estatuan errefuxiatu estatutua izatea eta aldi berean Frantzian asilo eskaria egitea egotzi diete.

Biriatuko muga, artxiboko irudia
Biriatuko muga, artxiboko irudia Bob Edme

Nora Arbelbide Lete -

2018ko ekainak 5

Polizia operazio handia egin zuen Frantziako Poliziak astelehen goizaldean Lapurdin, Biriatu eta Hendaia artean. 41 saharar atxilotu zituzten, eta horietako batzuk askatuak dituzte jada. Baionako prokuradorearen bulegoarekin harremanetan jarri da BERRIA, baina ez dute zehaztu nahi izan zenbat dauden libre. Zehaztu dute inkesta ez dela oraindik bururatua. Hori bai, baieztatu dute 41 lagun atxilotu zituztela.

Izatekotan, auzia ostegunean iraganen da Baionako auzitegian bertan, bulegoko iturrien arabera. Atxiloturik segitzen dutenak Hendaiako polizia etxean daude.

Mementoko Sud Ouest egunkariak dakarrena da informazio bakarra. Astelehen goizaldean Aire eta Mugetako Poliziak zortzi auto geldiarazi zituen, eta barnean zeuden  41 saharar atxilotu. Biriatuko bidesarian atxilotu zituzten batzuk, eta besteak, Hendaiako D810 errepidean. Gipuzkoatik Lapurdira zihoazen guztiak.

"Iruzur" egitea leporat diete. Errefuxiatu estatutua izatea Espainiako Estatuan, eta, horrez gain, asilo eskaera egin izana Frantziako Estatuan. Eta asilo eskaeraren bidez diru laguntzak eskuratu izana. Diru hori jaso izana zaie leporatua. Ez lukete horretarako eskubiderik, jadanik bai baitute errefuxiatu estatutua Espainiako Estatuan.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna