Katalunia

Llarena deklaratzera deitu du Belgikako epaile batek, irailaren 4rako

Llarena Belgikako epaitegietan salatu dute Pugdemontek eta erbestean diren kontseilari ohiek, eta salaketa horri erantzunez deitu du deklaratzera Espainiako Auzitegi Goreneko epailea. Salaketa hori oinarri hartuta, Llarena Kataluniako agintari ohien kontrako auzitik arbuiatzea galdegin diote Auzitegi Gorenari.

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko ekainak 5

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak eta haren kontseilari izandako Toni Cominek, Meritxell Serretek, Lluis Puigek eta Clara Ponsatik salaketa aurkeztu dute Pablo Llarena epailearen kontra, Belgikako Justiziaren aurrean. Salaketa aintzat hartu dute Belgikan, eta Justiziak deklaratzera deitu du Llarena, irailaren 4rako.

Errugabetasun printzipioa eta bidezko epaiketa baterako eskubidea urratzea egotzi diote Espainiako Auzitegi Goreneko epaileari. Cominek azaldu duenez, salaketak adierazten du beren "ideia politikoengatik jazarri" dituela epaileak, eta Llarenak "bere eskumenetatik harago" jardun duela, zenbait adierazpenetan auziari buruzko iritzia eman duelako.

Llarenak adierazi zuen Jordi Cuixart, Jordi Sanchez eta Carme Forcadell ez direla preso politikoak. Ikertutako gertakariei, buruz, berriz, honakoa esan zuen: "Kode penalak jasotzen dituen jokabideak dira eta, egindako egitera bultzatu zituzten arrazoiak edozein izanda ere, ikertu beharrekoak dira".

Horrez gain, Llarenak defendatu zuen nazioarteko atxilotze aginduak ez direla "susmoetan" oinarritu behar. Aldiz, "gertaerak gauzatu direnaren arrazoizko zantzuak daudenean" esatu behar direla. "Are gehiago, gertaerak Espainian eta elkarlan eskaera egiten den herrialdean larria den delitu batekin lotuta daudenean".

Salatzaile guztiak erbestean dira, Espainiako Justiziak, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auziaren barruan, haien kontra hasitako auzibidea dela eta. "Beti esan dugu defendatzeko gaudela hemen. Orain arte gure defentsa estradizioa ekiditera bideratuta egon da, baina gure abokatuek hala aholkatuta, bi neurri hartuko ditugu. Horietako bat, Llarenaren kontrako salaketa da. Bestea, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztutako eskaera bat da. Llarena epailea haien kontrako auzitik arbuiatzeko eskatu dute.

Epaile bat epaiketa batetik errefusatzeko, ezinbesteko baldintza da epaileak aldeetako batekin auzi bat zabalik izatea. Belgikan jarritako salaketarekin, baldintza hori beteko luke Llarenak.

Puigdemontek ziurtatu du Llarenaren kontra aukeztu duten salaketak "jazarpen honek kaltetutako guztiak defendatzeko konpromisoari" erantzuten diola.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna