Literatura

'Gaur galtzea tokatzen da' plazaratu du Gotzon Hermosillak, fikziozko lehen lana

Elkar etxearekin argitaratu du liburua BERRIA-ko kazetariak. Bi motatako ipuinak elkartu ditu lanean. Batetik, taberna-zuloko istorioak. Bestetik, leku eta garai desberdinetan giroturiko narrazioak.

Gotzon Hermosilla kazetaria. /
Gotzon Hermosilla kazetaria. / Juan Carlos Ruiz/FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko ekainak 5

Fikziozko istorioekin Gotzon Hermosillak (Barakaldo, Bizkaia, 1966) bakarka osatu duen lehen liburua da Gaur galtzea tokatzen da. Eta beste istorio batzuk (Elkar). Lehenago, Road-movie bidaia-kronika (alberdania, 2002), eta Ramones, familia maitagarria musika taldearen biografia (Paper hotsak, 2005) idatzi zituen, eta Idoloak akatu genituenekoa punk giroko ipuin bilduma kolektiboan (Barnezomorro, 2016) parte hartu zuen.

Bi zatitan banatu du Gaur galtzea tokatzen da lana. Batetik, taberna-zuloko istorioak bildu ditu, liburuari izena ematen dion ipuina izanik haietako lehena. "Gauean noraezean bezala irten eta lokal jakin batzuetara jotzea, zer harrapatuko; dela droga legala, dela, batez ere, ilegala". Bestetik, han eta hemen giroturiko narrazioak bildu ditu bigarren partean. Lehen atalak bezala, sei kontakizun ditu bigarrenak ere: Galizian gerraostean Guardia Zibilaren zanpaketa, 60ko hamarkadan Euskal Herrian grebak apurtzeko eskirol gisa kontrataturiko migratzaileak, Meatzaldeko industrializazioaren lan-baldintza gogorrak, Txina urrunean kokaturiko kontakizun miresgarriak...

Bizkaiko ezkerraldeak eta meatzaldeak presentzia ageriko dute ipuinotan. "Euskal literaturan ez da askotan azaldu ezkerraldea. Hala ere, ez dut egin aldarrikapen modura. Neuk gehien ezagutzen dudan gunea hori da, eta hor kokatuta daude istorioetako batzuk". Ipuinak batzen dituen hari bat egotekotan, "pertsonaien izaera galtzailea da", Hermosillaren hitzetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna