Giza katea

Gure Esku Dago-k "elkartasun kilometroa" eskainiko die Altsasuko gazte auzipetuei

Giza kateko 193. kilometroa gordeko dute Altsasukoei elkartasuna adierazteko. Gabriel Rufian ERCko diputatuak giza katearen lehen kilometroan parte hartuko du.

Bel Pozueta Adur Ramirez de Alda espetxeratutako gaztearen ama, gaur, 'Altsasu auzian' auziperatutakoek Gure Esku Dagorekin batera Iruñean egin duten agerraldian. JAOBA MANTEROLA, FOKU
2018ko ekainaren 6a
07:03
Entzun

Gure Esku Dago-k "elkartasun kilometroa" eskaniko die Altsasuko auzian zigortutako gazteei. Ibilbideko 193. kilometroko tarteak babesa adieraziko die Altsasuko gazteei. Hala jakinarazi du, gaur, herri dinamikak auzipetutako gazteen gurasoekin batera Iruñeko Gaztelu plazan egin duen agerraldian. Auzia Nafarroan epaitu behar dela azpimarratu dute, eta justizia aldarria giza katera eramatera deitu dute. Gure Esku Dago-k eta Altsasuko gazteen gurasoek salatu dute Euskal Herria "etsipenera" eraman nahi dutela, auzipetuei ezarri dieten zigorren gisako erabakiekin. "Ez dute lortuko", adierazi dute.

Bel Pozueta Adur Ramirez de Alda espetxean den gazteetako baten amak eskertu egin dio Gure Esku Dago-ri "gaia gizarteratzeko aukera", eta nabarmendu du "herri baten duintasuna" defendatuko dutela ekainaren 10ean, "elkarrekin".

Pozuetaren esanetan, "auzia Nafarroan epaitu behar zen, baina Auzitegi Nazionalera eraman zuten, Madrilera, Nafarroatik 400 kilometrotara erabaki zezaten" haien seme-alaben etorkizuna. Epaia "mendekuz" ebatzi dela gaineratu du.

"Erabaki judizialak Nafarroan eta Euskal Herrian" hartu behar direla aldarrikatu dute Gure Esku Dago-k eta auzipetuen gurasoek. "Gure etorkizuna askatasunean eta demokrazian erabaki nahi dugu".

"Eskubide zibil eta politikoak jomugan diren honetan, demokraziaren eta askatasunaren defentsarako herritar sarea" eratu behar dela adierazi du Pozuetak. Kalera irtetera deitu du, bai ekainaren 10eko giza katera, baita ekainaren 16an Iruñean egingo duten manifestaziora ere. "Kaleek gainezka egingo dute", aurreratu du.

Ordezkari politikoak

Kataluniari ere keinu egingo dio giza kateak. Gure Esku Dago-k "kilometro solidarioa" gordeko du "Kataluniako herriarekiko" eta bertako "preso politiko eta erbesteratuekiko". 122. kilometroa izango da Kataluniari elkartasuna adierazteko kilometro berezia. Bilboko Moyua plazatik igaroko da, eta tarte horretan parte hartuko dute Elisenda Paluzie ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidenteak eta Ignasi Termes Omnium Cultural elkarteko zuzendaritzako kideak. 122. kilometroko partaide guztiek xingola hori bat eramango dute soinean.

Ez dira Kataluniako ordezkari bakarrak izango. Donostian, lehen kilometroan parte hartuko du Gabriel Rufian ERCko diputatuak.

Harengandik gertu izango da Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, giza katearen bigarren kilometroan. Hirugarrenean, Gipuzkoako EAJko zuzendaritzako kideak elkartuko dira.

Orion lotuko da katera Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua, 16. kilometroan. Bi kilometro aurrerago batuko da Jesus Uzkudun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako CCOOko zuzendaritzako kide ohia. Zarautzen, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Pili Zabalak parte hartuko du, eta Elgoibarren izango da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia.

Bizkaian, hiriburuan, Etxeberria parkean parte hartuko du Oskar Matute EH Bilduko diputatuak, eta Moyua plazan izango dira Elisenda Paluzie eta Ignasi Termer. Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak Arrankudiagan bat egingo du egitasmoarekin.

Araban, berriz, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Miren Zabaleta Sortuko zuzendaritzako kidea gehituko zaizkio kateari, Amurrion. Gasteizen izango dira Maddalen Iriarte eta Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkideak.

Horiez gain, EAJko hainbat ordezkari instituzional eta hautetsi batuko dira giza katera. Horien artean espero da Andoni Ortuzar alderdi jeltzaleko presidentea.

Gure Esku Dago-k jakinarazi duenez, 1.200 autobus baino gehiago antolatu dira 201,9 kilometroko giza katea osatzeako. Ehunka lagun aritu dira antolaketa lanetan, eta, igandean, milaka boluntario ariko dira jardunean. Azken xehetasunak adosteko, talde txiki bat bildu da Bergarako landetxe batean. Gau eta egun daude giza kateari begira.

Igandeko giza katea erabakitzeko eskubidearen aldeko mugarri garrantzitsua izatea espero du Gure Esku Dago-k. Ez da bakarra izango, ordea. Bost urteko bidea egin du herri dinamikak sortu zenetik, eta tarte horretan ekinaldi esanguratsuak gauzatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.