Enpresak

CAFek tranbiak egingo ditu Alemanian, Luxenburgon eta Suedian, 100 milioiren truke

Gipuzkoako konpainiak 24 tranbia egingo ditu hiru hirietarako

CAFen ibilgailuak, artxiboko irudietan. CAF
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 6a
15:42
Entzun

Lehendik ere ondo betetako eskarien zorroa betetzen jarraitzen du Beasaingo tren konpainiak. Hiru kontratu garrantzitsuren berri eman du gaur: 24 tranbia egingo ditu Europako hiru hiritarako, hain justu, Luxenburgorako, Fribgurgorako (Alemania), eta Lunderako (Suedia). Hiru kontratuen truke 100 milioi euro fakturatuko ditu. Bakarrik aurtengo lehen lau hilabeteetako kontratazioaren kopurua 350 milioi eurora igotzea lortu zuen CAFek.

Gipuzkoako enpresa handienak ohar bidez azaldu du hamabi tranbia egingo dituela Luxenburgoko Luxtran konpainiarentzat, 40 milioi euroren truke. Lehendik ere lan egin izan du CAFek harentzat: 2015ean kontratu bat sinatu zuen Luxtranekin 21 tranbia egiteko, eta dagoeneko martxan dabiltza zortzi. Oraingo tranbiak Urbos 3 modelokoak izango dira.

Hain zuzen ere, modelo berdinekoak izango dira Friburgorako ere. Alemaniako hiribururako bost tranbia egingo ditu CAFek, eta lehendik entregatutako beste hamabi tranbiei gehituko zaizkie.

Lunderako, halaber, Urbos 3 modeloko zazpi tranbia egingo ditu Beasaingo konpainiak, eta ibilgailu horien mantenimendu lana ere CAFek hartuko du bere gain hurrengo hamar urteetan. Bai Friburgoren kasuan bai Lundenean, kontratuek aurreikusten dute aukera dagoela aurrerago tranbia gehiago eskatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.