sanferminak

Animalien Askapenerako Fronteak bere gain hartu du Gaseko eskorten sutea

Gauean izan da sutea, eta suhiltzaileek itzali egin dute. Animalien Askapenerako Fronteak adierazi du animaliak erabiltzen dituzten jarduerak geldiarazi nahi dituztela.

Makina bati su eman diote Gaseko eskortetan
Makina bati su eman diote Gaseko eskortetan Iruñeko Udaltzaingoa

Ane Eslava -

2018ko ekainak 7

Iruñeko Gaseko eskortetan makina jasotzaile bati eman diote su bart, goizaldeko 4:50etan. Iruñeko Udaltzaingoa eta suhiltzaileak tokira joan dira, eta suhiltzaileek sugarrak itzali dituzte. Suteaz gain, zezenketen kontrako mugimenduei lotutako hainbat margoketa egin dituzte Gaseko eskortetan, eta "beste kalte material batzuk" ere sortu dituzte. Iruñeko Udalak jakinarazi du kalteak "handiak" izan direla, eta udaltzaingoak espedientea ireki du, gertatutakoa ikertzeko. Ekintza hauetaz gain, asteartean zementua eta burdinak sartu zituzten entzierroko hesiak jartzeko hamairu zulotan, Santo Domingo aldapan, hesiak jartzea galarazteko. Dagoeneko garbitu dituzte.

Animalien Askapenerako Frontearen barruko No19 taldeak bere gain hartu ditu ekintza horiek guztiak. Animalien sufrimendua eragiten dituzten egoerei erantzutea bilatu dutela adierazi dute: "Sanferminetan animaliak erabiltzen dituzten ekitaldiak gelditu eta saihestu nahi ditugu, bai eta animalien kontura aberasten diren enpresa eta instituzioei kalte ekonomikoa sortu".

"Urtero, tradizio eta festaren aitzaki ustelaren babesean, berrogei zezen baino gehiago erailtzen dituzte Iruñƒean. Horiek minez eta sufrimenduz betetako amaiera pairatzen dute hiri honetako kaleetan eta zezen plazan", salatu dute. Heriotzaren korridorearekin parekatu dituzte Gaseko eskortak, eta entzierroko hesiak, berriz, kaiolarekin.

Hori dela eta, zilegitzat jo dituzte, besteak beste, animalien sufrimenduaren aurkako protesta ekintza guztiak, eta animalien erabilerari mesede egiten dioten azpiegituren sabotaia. “Ikusita tresna legal eta zibilek ez dutela gaitasunik egoera hau aldatzeko, ekintzara salto egitea erabaki dugu”, gaineratu dute.

Geroa Bai, haserre

Ordea, erasoak salatu egin ditu Iruñeko Geroa Baik eta esan du halako ekintzek "oztopatu" egiten dutela zezenketei buruzko "eztabaida arrazoizko eta lasaia". Alderdiak zabaldutako oharraren arabera, elkarrizketa da iritzi desberdinen artean elkarguneak aurkizeko modu bakarra: "Beste bideetatik lortzen den bakarra da, iritzi berekoak direnak ere aurka jartzea".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna