Ekainaren 10eko giza katea

84.000 herritarrek eman dute izena igandeko giza katerako

Gure Esku Dago-k egingarri ikusten du erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean 100.000 lagun biltzeko xedea lortzea. Orain, beste erronka bat jo diote euren buruari: katea egiteko zapia erabili beharrean, zapia lepoan lotu eta eskutik oratuta egin ahal izatea.

Gure Esku Dago-ko kideak, gaurko agerraldian.
Gure Esku Dago-ko kideak, gaurko agerraldian. Aritz Loiola / Foku

Gotzon Hermosilla -

2018ko ekainak 7

Datorren igandean erabakitzeko eskubidearen alde egingo den giza katea "historikoa" izango da, Gure Esku Dago-ko Andoni Mikelarenak esan duenez. 5.000 boluntario inguru arituko dira lanean, 202 kilometro hartuko ditu giza kateak, eta 1.000 autobusek baino gehiagok eramango dituzte herritarrak giza katean egokitu zaizkien kilometroetara.

Gure Esku Dago-koek dei egin diete herritarrei ahalik eta azkarren izena eman dezaten giza katean parte hartzeko. Izan ere, hasierako asmoa betetzear dagoela ikusita, orain erronka "100.000 pertsonez harago" doala esan dute; hasieran, zapien bidez lotu nahi zituzten giza kateko katebegiak, eta, orain, zapia lepoan jarri eta katea eskutik helduta egin ahal izateko beste jende bildu nahi dute.

Antolatzaileek badakite horrelako mobilizazioetan parte hartzeko aldez aurretik izena ematera ez daudela ohituta herritarrak. Horregatik, izena emateko deia berresteaz gain, hori egingo ez dutenei ere mezua bidali diete: "ez dadila inor etxean gera izena eman ez duelako". Aurtengo giza kateak Donostia, Bilbo eta Gasteiz zeharkatuko ditu, eta antolatzaileek pentsatzen dute hiriburu horietan izena eman ez duen jende asko bilduko dela giza katera eta masiboa suertatuko dela.

Giza katea baliatuko dute Herritarron Ituna aurkezteko: "erabakitzeko 2.019 arrazoiren bilduma", Karmele Olabarrietak esan duenez. "Aurrerantzean, herritarron hitzari bide ematea ahalbidetuko duen eta gure estatus politikoa erabakitzeko bideak eta tresnak adostera eramango gaituen Herri Ituna sustatu nahi dugu", esan du

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna