Hilberria

Manex Pagola kantari eta idazle baxenabartarra hil da

Baionan zendu da, 76 urterekin.

Manex Pagola, 2016ko argazkian. /
Manex Pagola, 2016ko argazkian. / Isabelle Miquelestorena

Berria -

2018ko ekainak 7

Manex Pagola idazle eta kantari baxenabartarra Baionan hil da, gaur goizean, Euskal Irratiek jakinarazi dutenez. 76 urte zituen. Urketan ehortziko dute astelehenean, 15:00etan. Landibarren jaio zen, 1941. urtean, eta txikitatik izan zen musikazale. "Melodista" zela zioen, Bertsoak idazten hasi zen lehenik, eta, ondoren, kantuak. Badok euskal musikaren atarian, Jon Eskisabelek luze jaso du Pagolaren biografia. "Nik nahi nuen zerbait sortu", adierazi zuen Basaizea elkarteak antolatuta duela bi urte kantaldi baterako egin zioten elkarrizketan.

Pagolaren abesti asko eta asko oso ezagunak egin ziren besteren ahotan, bereziki Pantxoa eta Peio bikote lapurtarrak eman zituenean. Horietatik Urtxintxak da Pagolak idatzitako kanturik ezagunena. Hainbat kantu ikuskizunetan parte hartu zuen, eta ezagunena Zazpiribai izan zen. 1970eko hamarkadaren hasieran sortu zuten hori, Ipar eta Hego Euskal Herriko hainbat kantariren artean. Biziaren altzotik liburuak biltzen du Pagolaren kantutegi oparoa.

Hainbat disko argitaratu zituen; azkena, 2016an, Elkar argitaletxearekin: Bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015). Aurretik atera zituen Ortziken (Askoren artean; 1976, Elkar), Manex Pagola (1972, Elkar) eta Burgos (Goiztir). Biziaren altzotik (1988, Baionako Euskal Erakustokiaren Adiskideak) liburuan bere 80 abesti bildu zituen.

Musikatik kanpo, herrigintzan eta politikan ere engaiatu zen Pagola. 1968tik 1972ra bitartean Enbata mugimenduko kidea izan zen, Seaska elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta Iparraldeko Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusia izan zen.

2016ko apirilean eman zion azkeneko elkarrizketa BERRIAri. Bere bizitzari errepasoa egin zion.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna