Finantza publikoak

Argentinak 47.000 milioi euroko erreskatea hitzartu du NDFrekin

Hiru urte iraungo ditu finantzaketa eskuratzeko akordioak. Trukean, Mauricio Macriren gobernuak konpromisoa hartu du defizit publikoa 16.400 milio eurotan murrizteko eta inflazioa %9ra jaisteko.

Nicolas Dujovne Argentinako Ogasun ministroa, NDFrekin eta beste erakunde batzuekin hitzartutako erreskate programa iragartzeko egindako agerraldian.
Nicolas Dujovne Argentinako Ogasun ministroa, NDFrekin eta beste erakunde batzuekin hitzartutako erreskate programa iragartzeko egindako agerraldian. Javier CaamaƱo / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko ekainak 8

Argentinak iragarri du bart akordioa lortu duela NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin eta beste erakunde batzuekin, milaka milioi euro maileguetan jasotzeko. Hain zuzen ere, funtsak ia 42.500 milioi euroko kreditua eskainiko dio herrialdeari. Gainerako dirua BID Amerika arteko Garapen Bankuaren, MB Munduko Bankuaren eta CAF Hego Amerikako Garapen Bankuaren artean jarriko dute. Hasiera batean espero zena baino mailegu handiagoa izango da.

Akordio teknikoa lortu dute funtseko teknikariek eta Argentinako ordezkariek. Datozen egunotan herrialdeak proposatu duen plan ekonomikoa aztertu beharko du NDFko kontseiluak, mailegua ofizialki martxan jartzeko. Arazorik ez badago, maileguaren lehen partea, 12.750 milioi euro inguru, ekainaren 20rako eskura izan ditzake Argentinak. Kredituaren beste partea prebentiboa da. Hots, gobernuak erabakiko du erabiliko duen edo ez, herrialdeo baldintza ekonomikoan arabera.

Kredituak stand-by formula erabiliko du. Hau da, diruaren truke programa ekonomiko bat bete beharko du gobernuak, eta NDFk ikuskatuko du baldintzak betetzen dituen edo ez, dirua ematen jarraitzeko. Hiru urterako sinatuko da programa hori, eta helburu ekonomiko zorrotzak izango ditu zehaztuta. Funtsean, Argentinak kontrolpean jarri beharko ditu defizita eta inflazioa, gastuari artaziak sartuta.

Defizit primarioa —zorraren interesak aintzat hartzen ez duena— aurten %2,7 izan beharko da. Datorren urtean %1,3, eta 2020an aurrekontu orekatuak aurkeztu beharko ditu, 2021ean superabit primarioa (%0,5) izateraino. Horrek esan nahi du Macriren gobernuak egungo defizita 16.400 milioi eurotan jaitsiko beharko duela lau urtean. Ez du artean jakinarazi nolako neurriak hartuko dituen helburua gauzatzeko. "Jasangarria izango da ekonomikoki, sozialki eta politikoki", ziurtatu du Nicolas Dujovne Ogasun ministroak, akordioaren berri emateko agerraldian.

Bi elementu nagusi izango ditu murrizketak, edonola ere. Inbertsio publikoaren beherakada handia izango da 2020. urtera arte, gobenruak parte-harte publiko eta pribatua izango duten ekinbideekin konpentsatzen saiatuko dena. Bestetik, energiari eta garraioair emandako subsidioak kentzen jarraituko du gobernuak. Honezkero iragarrita zituen neurriak norabide horretan, gizartean haserrea piztu dutenak.

Inflazioa eta pobrezia

Inflazioaren aurkako borroka biderkatzea dakar NDFk akordioari ezarri dizkion baldintzak. Datorren urtean %19ra, 2020an %13ra eta 2021ean %9ra jaisteko bide orria ezarri da. Uneotan %28 inguruan legoke, kalkulu ez ofizialen arabera. Argentinako banku zentralaren autonomia indartzeko erreformak ere agindu ditu gobernuak.

Argentinaren eta NDFren arteko harremanak iraganean sortu duen ezinegonari aurrea hartzeko asmoa ere iradokitzen du itunak. Hala, programa sozialen gastuak gaur egun BPGean duen pisua datozen hiru urteotan ez murrizteko konpromisoa programaren parte izango da. "Baldintza sozialek okerrera egingo balute, lehentasun sozialetarako aurrekontua handitzeko klausulak daude", azaldu du Christine Lagarde NDFko zuzendariak, ohar baten bidez.

Mailegua amaituta, hiru urte geroago hasiko da Argentina dirua bueltatzen. Zortzi kuota ordainduko ditu, bi urtetan, %1,96tik %4,96 doan interes aldakor batekin.

Pesoaren hondoratzea

Macriren agintaldiari konfiantza adierazi zioten finantza merkatuek hasieran, baina bi urte geroago idilioa amaitu da. Urtea hasi zenetik inflazioa kontrolatzeko arazoak izan ditu gobernuak, eta dolarra garestitzeak pesoaren balioa hondoratu du.

Urtebetean balioaren %36 galdu du Argentinako monetak dolarrarekiko. Maiatzaren hasieran azkartu zen balio galtzea. Astebetean, Banku zentralak hiru aldiz igo zuen diruaren prezioa, %40 txundigarri bateraino. Halaber, erreserbetatik 7.000 milioi dolar inguru gastatu zituen pesoa indartzeko, arrakastarik gabe.

Kanpo finantzaketaren dependentzia handia pilatu du herrialdeak azken bi urteotan, eta inbertitzaileak kapitala herrialdetik ateratzen hasi direnean, finantza publikoak orekatzea ezinezko bihurtu zaio, berriro ere herrialdea krisiaren zurrunbiloan erortzeraino.

Argentinarrentzat, NDF nazioarteko erakunde gorrotagarriena da, ziurrenik. 2001eko krisi latzaren oroitzapena oso bizirik dago oraindik. Orduan ere, gobernua diru eske joan zen Washingtonera. Funtsak murrizketa gordinak ezarri zituen maileguaren truke. Errezetak ez zuen balio izan. Okertu egin zuen ja larria zen egoera ekonomikoa, eta krisi politiko eta sozial ikaragarri bihurtu.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna