estatugintza

Euskal estatuaren erronkak eta aukerak aztertuko ditu EH Bilduk hilaren 19 eta 20an

Indar subiranistak nazioarteko jardunaldiak prestatu ditu egun horietarako. Larraitz Ugartek aurkeztu ditu gaur.

Larraitz Ugarte, jardunaldiak aurkezten. JUNE PRIETO / FOKU
jon olano
2018ko ekainaren 8a
10:08
Entzun

"Estatugintza politika eraginkor bat sustatzeko zailtasun eta aukeren azterketan sakondu eta aurrera begira eman beharreko jauzi politiko, juridiko, ekonomiko, sozial eta instituzionalak ikusarazteko" asmoz, EH Bilduk nazioarteko jardunaldiak antolatu ditu ekainaren 19rako eta 20rako. Bilbon egingo dituzte, Campos antzokian. Euskal estatuaren bidea. Erronkak eta aukerak izenburua jarri diote egitasmoari.

Larraitz Ugarte EH Bilduko Estatugintza idazkariak eman du gaur topaketen berri. Azaldu duenez, "barrura begirako hausnarketa izango da, baina nazioartean bide hori nola egin duten edo nola egiten ari diren ezagutzeko aukera izango da". Ikuspegi ugari landuko dituzte: Euskal Herriaren egituraketa administratibo instituzionala, Espainiako Estatuarekin dauden harreman ekonomiko-finantzarioak, Europako Batasunak eskaintzen dituen aukerak edota jartzen dituen zailtasunak, estatuaren eraikuntza ikuspegi feminista batetik, azpiegituren politika eta prozesu independentista eraginkor baterako gakoak.

Gai horiek lantzeko, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat adituk parte hartuko dute jardunaldietan: Adrian Zelaia EKAI Centerreko lehendakariak, Helena Franco Gipuzkoako Aldundiko Ogasun diputatu ohi eta EHUko irakasleak, Bart Maddens Lobainako Unibertsitateko gizarte zientzietako dekanordeak, Jule Goikoetxea EHUko ikerlariak eta Unai Fernandez de BetoƱo EHUko irakasleak, besteak beste.

Nazioarteko hainbat kidek ere hartuko dute parte, estaturik gabeko nazioen etorkizunaz aritzeko. Mahai inguru horretan izango dira Robin McAlpine Eskoziako Common Weal Think Thank-ekoa, Martin O'Mulleoir Irlandako MLA for South Belfastekoa eta Elisenda Paluzie Biltzar Nazional Katalaneko presidentea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.