Indarkeria matxista

66 urteko gizonezko bat atxilotu dute Iruñean, 12 urteko neska bati sexu abusua egitea egotzita

Foruzaingoak azaldu duenez, erasoa taberna baten barruan gertatu zen. Gizonezkoak neskari heldu eta hari ukituak egiten hasi zen, hainbat lekukoren aurrean.

Idarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat, Iruñean. IDOIA ZABALETA, FOKU
2018ko ekainaren 8a
10:07
Entzun

Foruzaingoak gizonezkoa atxilotu du, erasoa jasan duen adingabearen amak salaketa aurkeztu ondoren. Amak babes eta urruntze neurriak galdegin dizkio Poliziari.

Nafarroan, beste sei gizonezko atxilotu ditu Foruzaingoak indarkeria matxistarekin lotuta.

Iruñean, polizia batzuek bikote bat ikusi zuten eztabaidan, eta inguruan ziren hainbat lekukok adierazi zieten 22 urteko gizonezkoak emakumezkoa jo zuela. Une horretan atxilotu zuten.

Pitillasen (Nafarroa), berriz, 62 urteko gizonezko bat atxilotu dute, emaztea jotzeagatik eta semeari aizkora batekin mehatxu egiteagatik.

Tuteran ere gizonezko bat atxilotu du Foruzaingoak, tratu txarrak egotzita. 49 urteko gizonezko bat salatu du haren bikotekideak, eta Poliziaren laguntza eskatu zuen etxetik irten ahal izateko.

Tuteran bertan, 30 urteko gizonezko bat atxilotu dute bikotekide ohiarekiko urruntze agindua urratzeagatik.

Arrazoi berarengatik hartu dute atxilo 49 urteko gizonezko bat Burlatan. Emakumezkoak eman zion abisu Poliziari, gizonezkoa jarraitzen ari zitzaiola ohartarazteko.

Zangozan, jazarpena leporatu dio emakume batek 60 urteko gizon bati. Emakumeak Poliziari adierazi dio ia hiru urtez jaso dituela gizonaren telefono deiak eta askotan segitu diola kaletik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.