Katalunia - Espainia

Kataluniako kontuak ikuskatzeari utziko dio Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Zelaak eman du erabakiaren berri, Pedro Sanchezek gidatu duen lehen ministro kontseiluaren ostean.

Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro eta bozeramailea, gaur, ministro kontseiluaren osteko agerraldian. /.
Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro eta bozeramailea, gaur, ministro kontseiluaren osteko agerraldian. /. Ballesteros/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko ekainak 8

Mariano Rajoy presidente ohiaren gobernuak ohartarazi zuen ez zuela Kataluniako Generalitateko kontuen ikuskaritza etengo, 155. artikulua indargabetu arren, egoera politikoa "normalizatu arte". Aldiz, Kataluniako Gobernuaren kontuak ikuskatzeari uztea erabaki du Pedro Sanchezen gobernu berriak, "normalizazio politikorako keinu gisa". Hala azaldu du Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak, PSOEren gobernuko lehen ministro kontseiluaren ostean. "Ongi funtzionatuko du", adierazi du.

Neurri horrek ez du eragotziko Generalitateak prozesu subiranista sustatzera dirurik bidaltzen duen zaintzea, Zelaaren esanetan. Madrilek bankuei agindu die Kataluniako Gobernuari egin behar dituen ordainketak egiten uztea, Espainiako Ogasun Ministerioak ikuskatu gabe ere.

Zelaak ziurtatu du Generalitateak legediaren eta dagozkion eskumenen arabera egingo dituela ordainketak.

Espainiako Ogasun Ministerioak irailean agindu zion Kataluniako Gobernuari kontu guztien berri zuzenean emateko, "legearen edo auzitegien erabakien aurkako ekintzarik" finantzatzen ez zuela egiaztatzeko. PPren gobernuak 155. artikulua ezarri zuen urriaren 27an, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen egunean, eta harekin kontuen esku hartzea berretsi zuen.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna