Gure Esku Dago

100.000 lagunen langa gaindituko du giza kateak

Herritarren Ituna Gasteizeraino eramango dute bihar Gure Esku Dagoko kideek, bertan erabakitzeko eskubidearen aldeko 2.019 arrazoi bildu dituzte: "Milaka eta milaka herritarren erabakitzeko borondatea erakutsi nahi dugu bihar".

Gure Esku Dago

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko ekainak 9

Helburu gisa jarritako kopurua gaindituta, aurrera egiteko deia egin diete Gure Esku Dago-ko Angel Oiarbidek eta Jone Amonarrizek herritarrei: "Ziur gaude euren etorkizunaz hitza hartu nahi duten herritarrak askoz ere gehiago direla". Gasteizen egin duten agerraldian gogorarazi dute bihar Herrritarren Ituna osatzen duten erabakitzeko eskubidearen aldeko argudioak Donostiatik Gasteizeraino, Legebiltzarraren atariraino, eramango dutela "eskuz esku".

Urteko ekitaldi nagusia da biharkoa Gure Esku Dago-ko kideentzat. Bilbo, Donostia eta Gasteiz lotzeko gutxieneko 100.000 lagunen parte hartzea lortuta, harago joan nahi dute eta frogatu askoz ere gehiago direla euren etorkizunak hitza hartu nahi dutenak. Hala, parte hartzeko azken deia egin diete herritarrei: "Eman diezaiogun eskua elkarri eta bete ditzagun kaleak!".

Bihar aurkeztuko dute baita ere Herritarron Ituna, erabakitzeko eskubidearen aldeko 2.019 arrazoiren bilduma. Baina zehaztu dute idatzia lehen zirriborroa besterik ez dela, eta datozen asteetan borobildu beharko dela. Ondoren, denen eskuragarri jarriko dute. "Arloz arlo, herritarrok erabakitzeko ditugun arrazoiak jaso ditugu. Arrazoi ugari eta anitzak, desberdinak diren arren, guztiek dute muinean erabakimenaren auzia. Uste dugu ariketa demokratiko hauen bidez ezin hobeto irudikatzen ari garela elkarrekin eraiki nahi dugun herria. Eta uste dugu erabakitzeko ditugun adina arrazoi ditugula egiten ari garen bideaz harro egoteko".

Horretaz gain, datozen askeetan instituzioen esku utziko dute idatzia, hala nola, Gasteizeko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura eramango dute, eta iragarri dute aurreantzean ere erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraituko dutela. "Konpromiso eta determinazio hori erakusteko eguna izango da biharkoa. Galdu ezinekoa".

Arlo guztietako sostenguak

Gure Esku Dago-k antolatu duen arren, biharko giza kateak babes asko jaso ditu, besteak beste, feministena, pentsiodunena, gazteena, etabar. Arrazoi desberdinengatik bada ere, guztiek nabarmendu dute erabakitzeko eskubidearen beharra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna