Giza katea

Herritarrei hitza emateko eskatu dute 175.000 lagunek baino gehiagok giza katean, "burujabe erabakitzeko"

Gure Esku Dago-k Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu ditu milaka herritarren laguntzarekin. Herritarren Ituna Eusko Legebiltzarraren atariraino eraman dute, eta Nafarroako Parlamentura eramateko asmoa iragarri dute. Datorren urtean "urrats erabakigarriak" egingo diren itxaropena agertu du plataformak.

Gure Esku Dago

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko ekainak 10

Herritarrek ez dute huts egin Gure Esku Dago-k jarritako erronkan. Iragarria zuten 100.000 baino gehiago zirela giza katerako izena emana zutenak, baina langa hori ere arazorik gabe gainditu dute gaur, eta erraz lotu dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteiz arteko 201 kilometroak. 175.000 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte. Orain arte, egun bakarrean egin duten mobilizazio jendetsuena izan da gaurkoa. Parte hartu dutenak eta ekitaldia ahalbidetu dutenak zoriondu ditu Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramaileak. Bideoa: giza kateari buruzko BerriaTBren saio berezia (Julen Aperribai, Foku-ren irudiekin).

Jai giroan hasi dute eguna. Herritarrak euren kilometroetara eramango zituzten milatik gora autobusak euren tokian zeuden 09:00etarako, eta baita herritarrak ere, zapiak eskuan hartuta. Musika eta jai giroa lagun, eskatutako ordurako bakoitza bere tokian zegoen. Ugari izan dira aldarrikapenarekin bat egin duten ordezkari politiko eta sozialak ere: besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, Andoni Ortuzar jeltzalea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Elisenda Paluzie ANCko burua eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea. 

Otegik nabarmendu du "Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea" duela aldarrikatzeko eta mezu hori nazioarteko komunitateari helarazteko eguna dela gaurkoa. Harekin bat etorri da Maddalen Iriarte diputatua ere, eta ordezkari politikoei eskatu die ez ditzatela begiak itxi gizartearen eskaeren aurrean. Ortuzarrek, bestalde, gizartearen aldarrikapenak instituzioetan islatu beharko liratekeela iritzi dio. Bilbon izan da buruzagi jeltzalea. 

Bizkaiko hiriburuan kilometro berezia izan dute Kataluniako ordezkariek. Han izan dira Elisenda Paluzie ANCko presidentea, Ignasi Termes Omniumeko kide eta Mireia Boya CUPeko diputatua. Gure Esku Dago-k antolatutakoaren gisako mobilizazioen garrantzia azpimarratu du Boyak: "Hitz egiteko prest ez dauden estatuen aurrean, ez dago beste biderik". Giza Katean izan da Gabriel Rufian ERCko diputatua, baina Donostian geratu da hura, lehen kilometroan. Paulo Muñoarekin elkartu da han, giza katearen hasiera irudikatu duenarekin. 

CUPeko kide David Fernandezek ez du Bilbora joaterik izan. Estremerako espetxean (Espainia) zen gaurkoan, preso dauden politikariei bisita egiten. Ordea, ez da ahaztu Euskal herriaz eta sare sozialen bidez helarazi die elkartasuna:

"Ziklo berri baten hasiera"

Hamabietako kanpaiekin batera, sirena hotsak eman dio hasiera giza kateari Donostian, eta handik abiatu da Herritarron Ituna Gasteizera, eskuz esku. Haur eta heldu, gazte nahiz adineko, denek festa giroan eman diote bide aldarrikapenari, eta, ordu laurden geroago, legebiltzarreko atarian zen Ituna. 

Gasteizen, Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide eledunek hartu dute hitza, eta Gure Esku Dago-ren hurrengo erronkak iragarri dituzte: esparru demokratiko sendo bat eraikitzea eta burujabe erabaki ahal izateko baldintzak sortzea. "Herritarroi hitza ematea besterik ez dugu nahi. Demokrazian sakonduz, burujabe erabakitzeko. Gaur jauzi handi bat egin dugu. Erakutsi dugu gero eta gehiago garela herri burujabe bat nahi dugun herritar ahaldunduak". 

Helburu horrekin, datozen hilabeteetan harremanetan jarriko dira eragile sozial eta politikoekin, eta baita kultur mundukoekin ere. "Estatus politikoaz erabakitzeko eskubidea gauzatzeko formula denon artean, adostasuna zabalak eraikiz bilatu, eztabaidatu, eta hitzartu behar dugula, modu libre eta demokratikoan".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna